Mundua -
Libiakoak eta Eritreakoak
3.500 etorkin erreskatatu dituzte azken orduotan Siziliako uretan
MOASek jakinarazi duenez, 80.000 dira dagoeneko aurten Mediterraneoko uretan erreskatatutako etorkinak edo Europako kostaldera iristea lortu dutenak, azken erreskateen ostean.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Italiako Kostazainek jakinarazi dutenez, azken orduotan 3.480 etorkin erreskatatu dituzte, Italiako eta beste herrialdeetako zerbitzuek parte hartu duten 15 operaziotan.
Etorkinak bederatzi ontzi eta sei txalupa pneumatikotan zihoazen eta Libiako kostaldetik 45 bat itsas-milara topatu dituzte. Kostazainek zehaztu dute satelite bidezko telefonoetatik eskatu dutela laguntza.
Erreskate taldeetan, Romako Kostazainen Laguntza Zentro Nazionalak koordinatuta, hiru itsasontzik, ATR42 hegazkin batek eta Finantza Guardiaren unitate batek parte hartu dute.
Gainera, Itsas Marinako zenbait unitate ere izan dira, 'Phoenix' atoiontzia, 'Hessen' eta 'Berlin' Alemaniako Itsas marinako itsasontziak eta Irlandako 'Le Eithne', Siziliako hegoaldeko uretan baitzeuden abisua eman denean.
"Migrant Offshore Aid Station" (MOAS) Maltako erakundeak zehaztu duenez, 'HMS Bulwark' Britainia Handiko itsasontziak ere parte hartu du erreskatean, eta etorkinak larunbat goizean atzeman dituzte.
MOASen arabera, ontzi txikietako bost jendez lepo zeuden eta gehienak Eritreatik etorritakoak ziren.
Horietako batean 250 pertsona zihoazen, egurrezko bodega txiki batean, eta gainerakoak bizkarrean topatu zituzten.
Maltako organizazioaren esanetan, baliteke etorkinak Libiako sartaldetik abiatu izana, bertan jarduten duten miliziek eta Estatu Islamikoko taldek egindako su-etena aprobetxatuta.
MOASek jakinarazi duenez, 80.000 dira dagoeneko aurten Mediterraneoko uretan erreskatatutako etorkinak edo Europako kostaldera iristea lortu dutenak, azken erreskateen ostean.