Mundua -
Siria
Estatu Islamikoa Palmirako museoan sartu da
Iturri ofizial batek adierazi du objektu baliotsuenak atera zituztela jihadistek asteazkenean hiriaren kontrola hartu baino lehen.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Estatu Islamikoa Siriako Palmira hiriko museoan sartu da, nahiz eta iturri ofizial batek adierazi duen objektu baliotsuenak ateratzea lortu zutela jihadistek asteazkenean hiriaren kontrola hartu baino lehen.
Maamun Abdelkarim Siriako Museoen eta Antzinako objektuen zuzendari nagusiak EFE albiste agentziari adierazi dionez, erasotzaileek estatuen eskaiolazko erreplika batzuk suntsitu dituzte.
Arduradunak gaineratu du Estatu Islamikoak haren bandera ipini duela gotorlekuaren goiko muturrean. Aipaturiko gotorlekua muino baten gainean dago eta bertatik Palmira hiria ikus daiteke.
Palmirako antzinako hiriaren egoerari dagokionez, Abdelkarimek azaldu du oraingoz ez dutela inolako mugimendurik antzeman bertan. Dena den, kezkatuta agertu da ondare arkeologiko horren etorkizuna dela-eta. Palmira hiria Gizateriaren Ondare izendatu zuen Unescok.
Bestalde, salatu du nazioarteko komunitateak ez duela ezer egin Estatu Islamikoa Palmirara sartzea eragozteko, nahiz eta, horren esanetan, agintariek hainbatetan laguntza eskatu.
Bertako komunitateekin, arkeologoekin eta sektoreko langileekin harremanetan daudela esan du eta guztien artean Estatu Islamikoa nondik nora dabilen jarraitzen ari direla gaineratu du.