Mundua -
Irak
Estatu Islamikoak Dur Sharrukin antzinako hiria suntsitu du
Gainera, jihadistek bertan zeuden antzinako objektuak lapurtu dituzte.
Erredakzioa
Estatu Islamikoak Dur Sharrukin antzinako hiria suntsitu du (egun Jorsabad hiriaren baitan dagoena) eta bertan zeuden antzinako objektuak arpilatu du. Dur Sharrukin Asiriako hiriburua izan zen Sargon II.a errege izan zen garaian, Irakeko gobernu eta segurtasun iturriek berri eman dutenez.
Ninive probintziako segurtasun arduradun batek azaldu duenez, jihadistek hainbat makina hondeatzaile erabili dituzte gune arkeologikoa suntsitzeko eta, gero, bertan zeuden antzinako gauzak lapurtu dituzte.
Balqis Taha Ninive probintziako Turismo eta Antzinatasun Batzordeko presidenteak EFEri azaldu dioenez, suntsitutako gune arkeologikoen artean Senaquerib errege asiriarraren jauregia dago.
Bestalde, Irakeko segurtasun iturrien arabera, Estatu Islamikoak Sargon II.a erregearen jauregia eta inguruko beste hainbat eraikin eta tenplu ere suntsitu ditu.
Jorsabad Ninive probintziako Mosul hiriburutik 15 kilometrora dago eta 2014ko ekainaz geroztik, jihadisten kontrolpean dago.
Dur Sharrukin (Jorsabad) hiri zaharra jihadistek azken aldian eraso egin dioten laugarren gune arkeologikoa da. Estatu Islamikoak UNESCOk Gizateriaren Ondare izendatutako Hatra hiri zaharra suntsitu zuen. Halaber, ostegunean jihadistek Nimrud hiri asiriarra txikitu zuten eta astebete lehenago, berriz, Mosulgo Zibilizazioaren Museoa.