Mundua -
Gizateriaren Ondarea
Estatu Islamikoak Hatra antzinako hiri irakiarra suntsitu du
Gobernu irakiarrak berehala esku hartzeko eskatu die nazioarteko erakundeei eta NBEko Segurtasun Kontseiluari, berriz, premiazko bilera bat deitzeko.
Erredakzioa
Estatu Islamikoak Hatra antzinako hiri irakiarra suntsitu eta arpilatu du, Irakeko Turismo eta Antzinatasun Ministerioak salatu duenez. Irak iparraldean dagoen hiriak 2.000 urte baino gehiagoko antzinatasuna du eta UNESCOk Gizateriaren Ondare izendatu zuen 1985ean.
Hatra hiri gotortua Partiako inperioaren eragin esparruan kokatuta zegoen eta bertako herritarrek birritan aurre egin zioten erromatarren erasoei, dorrez betetako harresiari esker.
Partiako erreinuaren hiriburu izan zenaren kontrako erasoa baino lehen, Estatu Islamikoak Nimrud hiri asiriarra eta Mosulgo Zibilizazioen Museoa birrindu zituen, guztiak ere Irakeko Ninive probintzian.
"Nazioarteko komunitateak Iraki babesa emateko erakutsitako moteltasunak beste eraso bat egiteko adorea eman zien terroristei, kasu honetan, nazioarteko ondareen zerrendan gehituta dagoen hiriari eraso egiteko", deitoratu du Turismo eta Antzinatasun Ministerioak ohar batean.
Departamentuak salatu duenez, Estatu Islamikoak eraso gehiago egingo zituela ohartarazi bazuten ere, "erantzuna ez da egoerak eskatzen zuenaren mailakoa izan".
Hori dela eta, Irakeko Gobernuak berehala esku hartzeko eskatu die nazioarteko erakundeei eta NBEko Segurtasun Kontseiluari, berriz, premiazko bilera bat deitzeko.