Mundua -

Krisia Grezian

Pribatizazioei eutsiko diela hitzeman du Greziak

Atenasek Eurotaldeari bidalitako dokumentuan ez da neurri zorrotzik ageri. EBko Ekonomia ministroek arratsaldean aztertuko dute erreforma-sorta.

Europako Batzordeak ontzat eman ditu neurriak, akordioa bideratzeko

1:32

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Alexis Tsipras buru duen gobernuak ez du laguntza programa luzatzearen truke neurri zorrotzik hartuko baina hauteskunde-programan agindutako erreforma batzuk atzeratuko ditu, goizaldean Eurotaldeari igorritako dokumentuaren arabera. Hala, zerga-sistema eta administrazio publikoa modernizatuko ditu, gizarte segurantza erreformatuko du eta ustelkeriaren kontra aritzeko neurriak hartuko ditu. Horrez gain, ez ditu jada eginda dauden pribatizazioak atzera botako.

Syrizaren gobernuak goizaldean bidali die erreforma-sorta Europar Batasuneko (EB) erakundeei eta Nazioarteko Diru Funtsari (NDF), eta handik gutxira filtratu da hainbat hedabidetan.  EBko ekonomia ministroek arratsaldean aztertuko dute Greziaren proposamena.

Sei orrialdeko dokumentua da Atenasek prestatutakoa. Izatez, Salonikako Programaren ildo nagusiak bildu dituzte zerrendan.

Politika fiskalez ari da lehen atala. Iruzur fiskalaren kontra aritzeko neurri gehiago hitzeman ditu Greziak, baita kapital-ihesa saihesteko erakundeak indartzea ere.

Administrazio publikoaren alor guztietan gastua murrizketa eta kontrola areagotzeko konpromisoa agertu du Tsiprasen gobernuak. Hezkuntza, Defentsa, garraiobideak, udal gobernuak eta laguntza sozialak hobetuko dituela ere agertu du. Osasun publikoan ere gastua kontrolatzen saiatuko dira, baina laguntza mediku unibertsalari muzin egin gabe.

Gizarte Segurantzari dagokionez, pentsio-funtsak "finkatu" eta gizarte segurantzaren iruzurra saihesteko neurriak hartuko ditu Greziak.

Premiazko beharrean dauden familiei laguntza emango die gobernuak eta etxegabetzeak baztertuko ditu.

Pribatizazioen alorrean hein batean atzera egin du Syrizaren gobernuak. Izan ere, orain arte egindakoei eutsiko die, baina abiatzear daudenak geldiaraziko ditu.

Enpleguaren inguruko neurriei dagokionez, lan-hitzarmen kolektiboak berreskuratzeko ahalegina egingo du ezkerreko alderdiak eta langabezian denbora luzea daramatenei aldi baterako lanpostuak eskainiko dizkie. Gutxieneko soldata igotzeko "anbizioa"ri ere eutsi dio Greziak.

Herrialdean dagoen giza krisiari aurre egiteko konpromiso sendoa agertu du Greziak Eurotaldeari igorritako erreforma-sortan. Hala, pobrezian dauden 300.000 familiari argindarra doan ematea eta osasun publikoa herritar guztiei zabaltzea proposatu zuten Salonikako Programan.

Erreforma aztertzeko bilera, arratsaldean

EBko ekonomia ministroek bilera egingo dute arratsaldean (14:00etatik aurrera), bideokonferentziaz, proposamena aztertzeko. Dena dela, aurreneko balorazio batean, Europar Batzordeak egoki iritzi die Greziak agindutakoei: "Europako Batzordearen aburuz, [igorritako] erreforma zerrenda abiapuntu egokia da [akordioa lortu ahal izateko]", esan dio EBko iturri batek Reuters agentziari.

Horren arabera, Batzordea "bereziki pozik" dago iruzur fiskalari eta ustelkeriari aurre egiteko neurriekin.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Europar Batasuna Europa Greziako berriak