Mundua -
Bilera Dijsselbloemekin
Greziak ez du 'troika' negoziatzaile gisa onartuko
"Ez dugu existitzeko arrazoirik ez duen batzorde batekin lan egiteko asmorik", adierazi du Finantza ministroak.
Erredakzioa
Yanis Varufakis Greziako Finantza ministro berriak esan du Gobernuak ez duela 'troika' negoziatzaile gisa onartuko Greziaren erreskate programaren inguruko elkarrizketetan.
"Ez dugu existitzeko arrazoirik ez duen batzorde batekin lan egiteko asmorik", adierazi du Varufakisek Jeroen Dijsselbloem Eurotaldeko presidentearekin bildu ostean, elkarrekin eman duten prentsaurreko batean.
Hartzekodunen 'troika' hori Europako Batzordeak, Europako Banku Zentralak eta Nazioarteko Diru Funtsak osatzen dute.
"Aukeratua izan den Gobernu honen programak ez du erreskate plana onartzen, ezta zorra ordaintzeko modua dagoenik ere", azpimarratu du Varufakisek, Europako estatuekin elkarlanean aritzeko asmoa duela gaineratu aurretik.
"Europaren interes komunarentzat onena den irtenbidea bilatu beharra dagoela helaraziko diegu estatu kideei Finlandian eta beste herrialde batzuetan", adierazi du ministroak.
Dijsselbloem Eurotaldearen presidenteak, bere aldetik, erreskate plana "otsailaren amaiera artekoa" dela gogorarazi du: "Horren aurretik erabakiko du zer egin. Oraindik ez dago behin betiko erabakirik".
Greziaren zorrari buruz nazioarteko konferentzia bat egitearen alde agertu da Varufakis, eta Eurotaldearen buruak argi erantzun dio: "Konferentzia hori existitzen da, eta Eurotaldea du izena".