Mundua -

Estatu Islamikoa

Gatibu japoniarretako bat hil du ISISek

Kenji Gotoren bizitzaren truke, Sajida al Rishawi milizianoa aske uztea eskatzen du orain Estatu Islamikoak. Japoniako Gobernuak Haruna Yukawaren hilketa gaitzetsi du.

Estatu Islamikoak atxilotutako bi gatibu japoniarrak. Argazkia: Youtube
Estatu Islamikoak atxilotutako bi gatibu japoniarrak. Argazkia: Youtube
Estatu Islamikoak atxilotutako bi gatibu japoniarrak. Argazkia: Youtube

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Estatu Islamikoak Kenji Goto gatibu japoniarraren bideoa zabaldu du Interneten. Grabaketa horretan Gotok baieztatu egin du Estatu Islamikoak Haruna Yukawa beste gatibu japoniarra hil duela.

Bideoak 2 minutu eta 52 segundu irauten du. Gotoren irudi finko bat ikus daiteke. Gotok argazki bat darama eskuetan, eta haren lagunaren hilotza ikus daiteke horretan. Gatibu japoniarrak Shinzo Abe lehen ministroari egotzi dio haren lagunaren heriotza.

"Abisua jaso zenuten, eta epea eman zizueten; ondorioz, horri jarraituta nire bahitzaileek horrela jokatu zuten", esan du Goto Japoniako lehen ministroari zuzenduta.

Halaber, Estatu Islamikoak aske utziko duela iragarri du, baldin eta Sajida al Rishawi milizianoa askatzen badute. Al Rishawi irakiarra Jordanian atxilotu zuten 2005ean, eta heriotza zigorra ezarri zioten Ammaneko hotel baten aurka atentatua egiten saiatzeagatik. Erasoa bertan behera geratu zen gorputzean itsatsita zeraman lehergaiek ez zutelako eztanda egin.

"Erraza da", azaldu du Gotok ingelesez, "Japoniak Sajida askatu behar du, eta libre utziko naute. Posible da egitea, Gobernuko ordezkariak Jordanian daudelako, Sajida atxilotu zuten lekuan".

Amaitzeko, amodio-hitzak eskaini dizkio haren emazte Rinkori. "Baliteke hauek nire azken orduak izatea. Ez utzi hauek nire azken hitzak izaten. Ez utzi Abek ni ere hiltzen", gaineratu du.

Japoniak hilketa gaitzetsi du

Shinzo Abe Japoniako lehen ministroaren hitzetan, hilketa "bakarmenik gabeko ekintza bortitza" izan da. Gainera, Kenji Goto aske uztea eskatu du.

Interneten bideoa zabaldu ostean, Japoniako Gobernuak premiazko bilera egin du. Behin amaituta, lehen ministroak prentsaurrekoa eskaini du. "Terroristek ez dute inoiz Japonia menderatuko", azpimarratu du. "Bakearen alde eta terrorismoaren aurka nazioarte mailan borrokatzen jarraituko dugu", gaineratu du Abek.

"Hitzik ere ez ditut familiaren mina imajinatzeko", esan du lehen ministroak, "justifikaziorik ez duen terrorismo-ekintza eta sarraski barkaezina da. Suminduta nago, eta erabat gaitzetsi nahi dut".

Halaber, Goto askatzeko "ahalegin guztiak" egiten ari direla iragarri du gobernuburuak. Gainera, minik egin ez diezaioten eta berehala aske uzteko eskatu du.

Obamak bahitutako bigarren japoniarra aske uztea eskatu du

Barack Obama AEBko presidenteak hilketa gaitzetsi du eta Kenji Goto aske uztea eskatu du.

Etxe Zuriak bidalitako ohar batean, Obamak bere doluminak emateaz gain, babesa eskaini dio Japoniari. Halaber, bahitutako pertsona guztiak aske uzteko eskatu dio Estatu Islamikoari.

"Japon gure aliatuarekin orpoz-orpo gaude eta goraipatu egiten dugu bakearen eta garapenaren alde erakutsi duen konpromisoa", adierazi du Obamak. "Hilketa hauen arduradunak justiziaren aurrera eramateko lanean jarraituko dugu eta Estatu Islamikoarekin amaitzeko ekintza erabakigarriak hartzen segituko dugu", azpimarratu du.

Gatibuen profila

Goto 47 urteko kazetaria da, 'freelance', eta Estatu Islamikoak mendean dituen Siriako lurraldeetara heldu zen joan den urrian bertako gatazkaren berri emateko, aurrekoetan egin zuen bezala.

Yukawaren profila, berriz, zalantzagarria da. 42 urte zituen, baina oraindik ez dago argi zergatik zegoen Sirian. Litekeena da talde matxino bati laguntza logistikoa eskaintzea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak 2024 Bahiketak Japonia argazkiak Estatu islamiarra berriak Prentsa digitalaren azken orduko Gaurko azken orduko albistea Siria gaur Ekialde Hurbila gaur