Mundua -

Erreportajea

Zubilanaren garrantzia

Kubaren eta Euskal Herriaren artean lankidetza eta elkartasun zubi asko eraiki da historian zehar; ekonomian, kulturan, politikan eta, batez ere, arlo sozialean garatu da lankidetza.

2002an Ibarretxe lehendakaria Fidel Castrorekin bildu zen Habanan. Argazkia: Eusko Jaurlaritza.
2002an Ibarretxe lehendakaria Fidel Castrorekin bildu zen Habanan. Argazkia: Eusko Jaurlaritza.
2002an Ibarretxe lehendakaria Fidel Castrorekin bildu zen Habanan. Argazkia: Eusko Jaurlaritza.

Idoia Alberdi | EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal herritarrek Kubarekin duten harremanaren lehen arrastoak 1492koak dira, Cristobal Colon almiranteak mundu berrirantz egindako lehen bidaia handikoak.  Bere tripulazioan euskal marinel eta pilotu asko eraman zituen Colonek.

Hortik aurrera,  Kubako gizarteko alor gehienetan egon ziren presente euskaldunak, urte askotan; erakunde nagusienetako edota armadako ardura karguetan  euskaldun edota euskal jatorriko politikari asko izan ziren.

Historialarien arabera,  XIX. mende amaiera arte,  Euskal Herritik Kubara joandako askok  hartu zuten parte Kubako garaiko gobernu ezberdinetan.  Hala, 1865ean abiatutako Kubaren Independentziaren Gerran, Espainiaren kolonizazioaren kontra, euskaldun ugari agertu ziren  Kuba Espainiaren menpeko izatearen alde. Era berean,  Armada Askatzailearen soldaduen artean euskal abizen asko zeuden, ia denak, Kuban jaiotakoak,  Euskal Herritik joandakoen ondorengoak.

1899koak dira Kubara joandako euskaldunei buruzko lehendabiziko datu ofizialak. Kubako Gobernuko artxiboan dago jasota Espainiarren Erregistro Orokorra, eta horren arabera,  urte horretan euskal jatorriko 2.455  herritar zeuden Kuban erroldatuta; 1.139 bizkaitar, 741 nafar, 390 gipuzkoar eta 183 arabar.  Argentinaren eta Uruguairen atzetik Kuba izan zen euskaldun gehien hartu zuen Latinoamerikako herrialde.

Bestalde, Ikuspegi Immigrazioaren Euskal Behatokiak jasotako datuen arabera, 2013an 1.853 kubatar bizi ziren EAEn.

Euskadi-Cuba,  25 urteko elkartasuna

JOSE MANZANEDA EUSKADI CUBA

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Kuba eta Euskal Herriaren artean lankidetza eta elkartasun zubi asko eraiki da azken hamarkadotan. Euskadi- Cuba gobernuz kanpoko erakundea da lankidetza horren lekuko nagusienetako bat.  Duela 25 urte jaiotako erakundea da eta 2.000 elkartek baino gehiagok osatzen duten mundu mailako sare bateko kidea da. Kubarekin eta Kubarako elkartasun proiektuak lantzen eta garatzen dituzte.

Jose Manzaneda Euskadi-Cubako lankideak nabarmendu duenez, munduko botere nagusien desafioetako bat da, gaur egun,  Kuba. Horren aurrean,  "kalitatezko lankidetza estrategikoaren alde lan egiten dugu,  giza garapen jasangarria erdigunean jarrita".

Euskal Herriko eta Kubako errealitate politiko eta soziala bata bestearengandik oso urruti egon arren, "euskal gizarteak Kubarekin eta hango iraultzarekin enpatia handia erakusten" duela esan digu Manzanedak, eta elkartasun hori  antolatzen dituzten ekintzetan ‘agerikoa’ dela.  " Alde batetik,  AEBn erasoa eta  autodeterminazio eskubidea ez aitortzea salatzen dute euskal herritarrek.  Eta bestetik, Kubaren lorpen sozialak txalotzen ditu hemengo jendeak".

Urte osoan zehar antolatzen dituzten kanpaina, erakusketa, hitzaldi edota bestelako ekintzen bidez, Kubaren errealitatea zein den erakustea dute xede Euskadi-Cuba elkartean: hango eredu politiko, ekonomiko eta kulturala Euskal Herrian azaltzea eta  Kuban proiektuak garatzea da euren lan printzipala. "AEBk Kubari ezarritako blokeoaren eta herrialde garatuen politika inperialisten aurrean, euskal gizartea sentsibilizatzea da gure helburua", esan du Manzanedak.

Gobernuz kanpoko erakundeen artean Kuban ordezkaritza zabalena duena da Euskadi-Cuba, baina Euskal Herrian badira beste hamaika elkarte Kubaren alde etengabeko lanean ari direnak; Mundukike,  Mundubat, Mugarik Gabe, Mugen Gainetik, KCD eta Intermon dira horietako batzuk.

Halaber,  garapenerako lankidetzari dagokionez,  Eusko Jaurlaritzak eta Kubako Gobernuak elkarlanerako proiektu bat adostu zuten 1997an: "Kubarekin Lankidetzarako Euskal Estrategia". Oraindik, indarrean dagoen egitasmoa da eta Kuban lanean ari diren gobernuz kanpoko erakundeen lehentasunak ezarri eta bideratzen ditu.

Manzanedaren iritzian,  lankidetzaren alorrean aipatzekoa den beste proiektu bat ‘Euskal Kuba Etxea"  da:  Kuban bizi diren euskaldunek eta euskaldunen ondorengoek osatzen duten elkartea da.  Euskal kultura Kuban ezagutarazteko lanean ari dira, eta euskara irakasteko eskolak ere ematen dituzte.

Aldebiko harremana

1999 eta 2008 artean Eusko Jaurlaritzak eta Kubako Gobernuak hainbat lankidetza hitzarmen, protokolo eta memorandum izenpetu zituzten.

2002ko apirilean Juan Jose Ibarretxe lehendakariak bisita ofiziala egin zuen Kubara eta Fidel Castro orduko presidentearekin bildu zen. ‘Kuba-Euskadi Gobernuen Arteko Batzorde Mistoa’ jarri zuten hainbat, hainbat alorretan lankidetza hitzarmenak abiaraziz. Hala nola, industria, hezkuntza, komunikazio eta osasunaren alorrean sinatu zituzten akordioak.

Castro eta Ibarretxe ‘pozik’ agertu ziren  identitate nazionalak gordetzea aldarrikatzen duten herrialdeak gobernatzen ari zirelako.  Euskal enpresei Kuban proiektuak abiarazteko erraztasunak ematen ahaleginduko zela agindu zion  Castrok lehendakariari.

Jaurlaritzak emandako datuen arabera, 2012-2013 urteetan Gasteizko Gobernuak 25 milioi euro bideratu zituen gobernuz kanpoko erakundeen bidez abian jarritako proiektuetara.  Peru eta Guatemalara bideratutako proiektuek jaso dute urte horietan Jaurlaritzatik dirurik gehien. Hirugarren lekuan daude Kubara zuzendutako egitasmoak.

40 euskal  enpresa, Kuban

Kubako historian berebiziko garrantzia izan zuen Habanako Komertzio Konpainia Nagusiaren bultzatzaileak euskaldunak izan ziren, 1740an; batez ere,  euskal herritarrek ipinitako diruarekin jarri zen abian  merkataritzara bideratutako erakunde hori. Kubako ekonomiaren garapenaren hastapenen ikurra izan zen. Euskal izenak zituzten enpresak artxipelago osoan barrena zabaldu ziren; Urumea, Alava, Algorta, Portugalete, Orozco edota Guipuzcoa, besteak beste.

Latinoamerikako beste herrialde askotan bezala,  Kuba ere hazkunde ekonomikoan murgilduta dagoen herrialdea da,  bertako adierazleek  hazkundea inguruko herrialdeetan baino motelxeagoa dela erakusten badute ere.

Jose Antonio Ardanza lehendakariak, 1998an,  SPRI Eusko Jaurlaritzako Enpresa Garapenerako Euskal Agentziaren bulego bat inauguratu zuen Habanan. Euskal enpresei Kubako merkatuan sartzen laguntzea da bulegoaren egitekoa. Kuba bertako enpresei ere industria-birmoldaketa prozesuetan laguntza eskaintzen die.  Kubako Gobernuarekin hainbat elkarlan proiektu ditu SPRIk, industria garapenera bideratuta.  2013an Habanako bulegoa itxi egin zuen Jaurlaritzak, atzerriko bulegoen berrantolaketa prozesuaren ondorioz. Gaur egun, 40 euskal enpresak dute egoitza Kuban. Beste 130 inguruk, berriz, euren produkzioa Kubako merkatura etengabe esportatzen dute.  SPRIren arabera, enpresa batetik bestera emaitzak oso ezberdinak diren arren, guztiak bat datoz Kubaren aldeko apustuari eutsi egin behar zaiola esatean, aukera berri asko eskaintzen dituelako.  Atzerriko inbertsioak arautzen dituen lege berria onartu berri du Kubako Gobernuak, industria suspertzeko pizgarriekin eta tokian tokiko produkzioak munduko merkatu zabalean lehiakortasuna irabazteko neurriekin.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Kubako presidente ohia Eguneko albisteak Gaurko azken ordukoa Kubako albisteak