Mundua -
Goi-bilera
EBk elkarlana indartuko du herrialde arabiarrekin, jihadismoaren aurka
Europar Batasuneko Atzerri Gaietarako ministroek "premiazko"tzat jo dute segurtasun alorrean elkarlanerako neurri berriak hartzea.
Erredakzioa
Europar Batasuneko Atzerri Gaietarako ministroek "premiazko"tzat jo dute herrialde arabiarrekin elkarlana indartzea segurtasun alorrean, jihadisten sareak Europan zabal ez daitezen.
Bruselan ateak itxita egindako bilera batean, diplomaziaburuek "pentsakera" aldatu eta segurtasun alorrean herrialde arabiarrekin elkarlana indartzeko beharra "premiazkoa" dela ulertu dute, Afrikan eta Asian muturreko islamiarrek aurrera egin ez dezaten.
Federica Mogherini EBko Atzerri Politikarako goi-ordezkariak azaldu duenez, bileran akordioa egin dute inteligentzia alorreko informazioa eta ikerketak trukatzeko, "orain arte baino modu eraginkorrago batean".
Baina ez da Europar Batasunera mugatuko neurri hori, eta inguruko herrialdeetara zabalduko da elkarlana, "Mediterraneotik eta mundu arabiarretik hasita: Turkia, Egipto, Golkoko herrialdeak, Afrika iparraldea, etab.”.
Horren harira, Europar Batasunak "datorren asteetan proiektu zehatzak abiatuko ditu herrialde jakin batzuetan, terrorismoaren aurkako borrokan elkarlan maila handitzeko". "Turkia, Egipto, Yemen, Aljeria eta Golkoko herrialdeak" izango dira proiektu horren jomugan.
Era berean, Moguerinik iragarri du EBk esfortzu handiagoa egingo duela terrorista sareen eta Estatu Islamikoaren finantziazioa blokeatzeko. Horretarako, bilera egingo dute Bruselan "datozen egunetan", EBko, AEBko, Australiako, Kanadako, Japoniako, Norvegiako, Suitzako, Islandiako eta NBEko adituekin.
Ministroek ez dituzte neurri zehatzak hartu, baina Kanpo Ekintzarako Europako Zerbitzuari terrorismoaren kontrako borrokan neurriak proposatzeko eskatu diote.
Huts egindako estatuen ezegonkortasuna ekarri dute gogora parte hartzaileek, jihadistentzako eskenatoki egokia direlakoan, eta Siriako eta Irakeko gatazkak konpontzeko lan gehiago egitea eskatu dute, jihadismoaren jatorria bertan dagoela iritzita.
Gogoeta hau Europar Batasuneko estatuburu eta gobernuburuek otsailaren 12an Bruselan egingo duten goi-bilerara eramango dute, proposamenak neurri zehatzetan bihur daitezen.