Mundua -

Atentatua Frantzian

Europa, jihadismoaren aurkako salbuespeneko neurriak hartzeko prest

Alemaniak ustezko jihadisten NAMak hiru urtez bahitzearen alde agertu da eta Erresuma Batuan baliabide gehiago eman nahi diete zerbitzu sekretuei.

Ustezko jihadistak, irudian ageri den Boummedienne kasu, libreki bidaiatzea saihestu nahi dute. EFE
Ustezko jihadistak, irudian ageri den Boummedienne kasu, libreki bidaiatzea saihestu nahi dute. EFE

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Charlie Hebdo Frantziako aldizkari satirikoaren kontrako atentatuaren eta Parisko harategi "kosher" baten kontrako erasoaren ostean, jihadismoaren kontra borrokatzeko salbuespeneko neurriak hartzen hasi dira Europako herrialdeak.

Eskuin muturreko taldeek Schengen eremua bertan behera uzteko eta herritarrekiko kontrola areagotzeko neurriak eskatzeko aprobetxatu dute eta gobernu batzuk hasi dira neurriak proposatzen, orain arte pribatutasunaren, datuen babesaren eta askatasunaren kontrakoak jotzen zirenak.

Igandean Europar Batasuneko herrialde garrantzitsuenetako Barne ministroek mugen kontrola areagotzea eta "hegaldietako bidaiarien erregistro europar bat" eratzea adostu zuten. Xedea, ustezko jihadisten mugimenduak ahalik eta gehien kontrolatzea eta atentatuak saihestea. Horrez gain, Internet  "propaganda terrorista" zabaltzeko eta ekintzaileak errekrutatzeko ez erabiltzeko neurriak hartzearen alde agertu ziren, baita suzko armen legez kontrako merkataritzaren kontra borrokatzea.

Espainia, bidaiarien erregistroa eratzearen alde

Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroak gaur bertan iragarri duenez, bidaiarien erregistroa eratzeko pausoak emateari ekingo dio. COPE irrati kateari egindako adierazpenetan aurreratu duenez, urte amaierarako erregistro hori osatzeko azpiegitura teknologikoa prest edukiko du Espainiak.

Are, neurriak lege bermeak eduki ditzan, herritarren segurtasunerako legean emendakina sartzea proposatuko du talde popularrak, hegazkin eta tren konpainiek bidaiariek datuak halabeharrez eman ditzaten.

Alemania ere Legea zorroztearen alde agertu da. Asteazken honetan onartuko duten lege-erreformaren arabera, ustezko jihadisten nortasun agiriak hiru urtez bahitzeko aukera izango dute agintariek, Ekialde Hurbileko muturreko taldeekin bat egin ez dezaten.  Hala, susmagarriek ezingo dute herrialde utzi eta Siriara edo Yemenera joan.

Gaur egun, Alemaniak pasaporteak atxikitzeko eskubidea du, baina ez, ordea, nortasun agiria. Merkelen gobernuaren arabera, 550 alemaniar Siriara joan dira Estatu Islamikoarekin borrokatzera eta horietatik, 180 herrialdera itzuli dira.

Cameron, zerbitzu sekretuei eskumen gehiago emateko prest

David Cameron Erresuma Batuko lehen ministroak atzo iragarri zuenez, zerbitzu sekretuek komunikazio pribatuak zelata ditzaten eskumen gehiago emateko prest dago, baldin eta maiatzeko hauteskundeak irabazten baditu. Herritarren komunikazioak, digitalak bereziki, atzemateko legedia malgutzeko neurriak aurkeztu zituen.

Gaur egun indarrean dagoen legedia 2016ra arte dago indarrean. Beraz, hauteskundeak irabazten dituen alderdiak berriz arautu beharko du auzia.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Batasun europarra Erresuma Batua bideoak Espainia bideoak Alemania argazkiak Frantzia bideoak Atentatuak