Mundua -
Gobernu berria aukeratu arte
Greziari eman beharreko diru-laguntza bertan behera utzi du NDFk
Greziako buruzagiekin laguntzaren inguruko elkarrizketak “Exekutibo berria botereaz jabetzen denean berriz hasiko” dituztela azaldu du Nazioarteko Diru Funtsak.
Erredakzioa
Greziak oraindik jasotzeke duen diru-laguntzaren ordainketa bertan behera utziko duela iragarri du gaur Nazioarteko Diru Funtsak (NDF). Hauteskundeak aurreratu eta urtarrilaren 25ean egingo dituzte Grezian. Gauzak horrela, Gobernu berria botereaz jabetu arte erreskatea bertan behera uztea erabaki du NDFk.
Gerry Rice NDFko bozeramaileak agiri batean azaldu duenez, Greziako buruzagiekin laguntzaren inguruko elkarrizketak “Exekutibo berria botereaz jabetzen denean berriz hasiko dituzte”. Ricen ahotan, Greziak “ez du finantziazioa berehala behar egun”.
Andonis Samarasen Gobernuak bere hautagaia Errepublikako presidente izatea nahi zuen, baina proposamenak porrot egin du Parlamentuan. Greziako Ganberak hautagaia errefusatu du hirugarren bozketa erabakigarrian.
Eurogunea
Bestalde, bigarren erreskatearen luzapena eman dio euroguneak Greziari, otsailaren amaierara arte, alegia.
Era berean, Europako Finantza Egonkortasunerako Funtsaren bonuak beste bi hilabeteetan erabilgarri izango ditu Atenasek Greziako Finantza Egonkortasunerako Funtsaren erreserban.
2015eko hasieran erreskatea berriz aztertu behar dute; izan ere, azken ordainketa egiteko “aurretiko baldintza” da.