Mundua -
Siria
Peter Kassig bahituari lepoa moztu dio Estatu Islamikoak
Barack Obama AEBko presidenteak hiritar estatubatuarraren heriotza baieztatu du.
Erredakzioa
Estatu Islamikoak Peter Kassig bahituari lepoa mozten ikusten den bideoa argitaratu du. Kassig AEBko herritarra da eta, kooperante lanetan aritu aurretik, militarra izan zen. 2013ko urrian bahitu zuten Sirian. AEBko inteligentzia zerbitzuek bideoaren egiazkotasuna egiaztatu ostean, Barack Obama presidente estatubatuarrak Peter Kassigen heriotza baieztatu du.
"Gaur gure otoitzetan Abdul-Rahman Kassig, Peter gisa ezaguna zena, izango dugu gogoan eta doluminak eman nahi dizkiegu haren guraso eta senideei. Ezin dugu imajinatu ere egin une zail hauetan izango duten samina", adierazi du ohar batean.
Grabaketa gaur, igandea, igo dute sarera, baina bertan ez da ikusten zelan moztu dioten burua; aldiz, kaputxadun gizon bat ageri da, bere oinen ondoan moztutako buru bat duela, odoletan.
Gizonak ingelesez hitz egiten du, britainiar azentuarekin, eta, dioenez: "Honako hau Peter Edward Kassing da, hiritar estatubatuarra". Aurrekoetan bezala, hiltzailea Estatu Islamikoko milizianoa omen da eta 'Jihadi John' izenez aurkeztu du bere burua.
Zaid Benjamin kazetariaren arabera, bideoan -lehenengo aldiz- hilketa non egin duten adierazi dute; Dabiq herrian, alegia, Alepo probintzian, Siriako iparraldean.
Bideoan, halaber, jihadista gehiago ageri dira, horien artean, islamera bihurtutako alemaniar bat eta, Benjaminek Twitterren duen kontuan adierazi duenez, dozena bat soldadu siriar hil dituzte.
Cameron, "izututa"
David Cameron lehen ministro britainiarrak bideoak izutu duela adierazi du.
"Izututa nago Abdul-Rahman Kassigen hilketa gordinarekin. Estatu Islamikoak bere gaiztakeria agerian utzi du berriz ere. Doluminak familiari", esan du Cameronek Twitterren duen kontuaren bidez.
Islamera bihurtu den soldadua
Kassing, 26 urteko indianarra, islamera aldatu zen bahiketaldian, eta Abdul-Rahman izena hartu zuen. Azken asteetan, bere gurasoek Kassing ez hiltzeko eskatu diote behin eta berriro Estatu Islamikoari, Alan Henningen hilketaren bideoan agertu baitzen, urriaren 3an.
Hildako estatubatuarrak Irakeko gerran parte hartu zuen 2007an, Armadan izan zen garaian, eta, ondoren, Larrialdiko Erantzuna eta Laguntza Berezia (SERA) gobernuz kanpoko erakundea sortu zuen, Siriako gerra zibileko biktimei laguntzeko helburuarekin.