Mundua -

Estatu Islamikoa

'Estatu Islamikoaren kontrako operazio militarrak ez dira nahikoa'

AEBko Estatu idazkariaren iritziz, Estatu Islamikoa garaitzeko, taldearen finantzazioa eta Irakera eta Siriara doazen jihadista atzerritarren joan-etorria kontrolatu beharko dira.

Nabil al Arabi (Liga Arabiarra) eta John Kerry AEBko estatu idazkaria. Argazkia: EFE
Nabil al Arabi (Liga Arabiarra) eta John Kerry AEBko estatu idazkaria. Argazkia: EFE
Nabil al Arabi (Liga Arabiarra) eta John Kerry AEBko estatu idazkaria. Argazkia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

John Kerry AEBko Estatu idazkariak gaur esan duenez, Estatu Islamikoa garaitzeko egun abian dauden operazio militarrak "ez dira nahikoa", eta taldearen finantzazioa eta Irakera eta Siriara doazen jihadista atzerritarren joan-etorria kontrolatzea ere ezinbestekoa izango dela azpimarratu du.

Kerry Egiptoko presidentearekin eta Liga Arabiarreko ordezkariekin elkartu da gaur Kairon, eta ondoren prentsaurrekoa eskaini du. Kerryren esanetan, "Estatu Islamikoari amaiera emateko bide bakarra nazioarteko koalizio bat" da. Zentzu horretan, Abdelfatah al Sisi Egiptoko presidenteak eta Nabil al Arabi Liga Arabiarreko idazkari nagusiak nazioarteko koalizioari babesa eskaini diotela azaldu du.

"Estatu Islamikoari aurre egiteko bide bakarra Irakeko Gobernuari babesa emango dion nazioarteko koalizio bat eratzea eta Irakeko Gobernuari laguntza militarra bidaltzea da, izan ere, egungo operazio militarrekin ez da helburua lortuko", azpimarratu du.

Ostegunean AEBk, hamar herrialde arabiarrek eta Turkiak terrorismoari eta, bereziki, Estatu Islamikoari aurre egiteko estrategia orokorra adostu zuten Saudi Arabian.

Barack Obama AEBko presidenteak aurkeztu zuen Estatu Islamikoa garaitzeko estrategia. Jihadisten posizioen kontra aire-erasoak egingo dituzte, eta Irakeko Gobernuari eta Siriako oposizioari laguntza eskainiko diete. Dena den, lurreko interbentzioa egitea baztertu zuen.

Kerry Egiptoko eta Liga Arabiarreko ordezkariekin elkartu da gaur Kairon, eta adierazi duenez, euren babesa eskaini diote.

Bestalde, Parisen astelehenean egingo den Nazioarteko goi-bileraren helburuetako bat "Estatu Islamikoa ahultzeko eta garaitzeko" indarrak batzea izango dela iragarri du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Gerra Siria Ameriketako Estatu Batuak Estatu Islamikoa Gaurko titularrak Albisteak Turkia berriak Irakeko albisteak Zer gertatzen ari da Saudi Arabian? Siria gaur Ekialde Hurbileko albisteak