Mundua -
Jihadismoaren aurkako borroka
Obamak Siriara zabaldu ditu Estatu Islamikoaren aurkako aire erasoak
AEBk esku hartuko du Siriako gerra zibilean, oposizioari lagunduko baitio, baina beste etsai baten aurka egiteko: Estatu Islamikoa.
Erredakzioa
Barack Obama AEBko presidenteak Sirian ere Estatu Islamikoari (EI) airez erasotzea agindu, eta talde horren aurka "nonahi" egingo dutela borroka ohartarazi du.
Iraken eraso selektiboak agindu eta hilabetera, Obamak Siriara zabaldu du oraingoan talde horren aurkako borroka.
Hori horrela, AEBk esku hartuko du Siriako gerra zibil korapilatsuan, orain arte errefusatu egin badu ere, baina beste "etsai" baten aurka egiteko, Estatu Islamikoaren kontra, hain zuzen, ez Baxar al-Asaden Erregimenaren kontra. Zeregin horretan, Siriako oposizioa trabatzen lagunduko du.
"Nonahi jazarriko ditugu gure herrialdeari mehatxu egiten dioten terroristak; horrenbestez, ez dut zalantza bakarra ere izango Sirian Estatu Islamikoaren aurkako ekintzak agintzeko. AEBri mehatxu egiten badiozu, ez duzu babeslekurik topatuko, hori da nire agintaldiaren funtsezko oinarrietako bat", adierazi du Obamak, telebistan eskainitako hitzaldi batean.
Era berean, agintariak Iraken talde islamikoaren aurka abiatutako aire erasoak areagotzea ere agindu du. Orain arte, "bonbardaketa humanitarioak" eta AEBren esku dauden eremuak babesteko bonbardaketak egin izan dituzte, baina orain Estatu Islamikoaren esku dauden lurraldeak berreskuratzeko laguntza ere emango dio Irakeko Armadari.
Horretarako, beste 475 soldadu bidaliko dituzte herrialdera. Dena dela, lurreko operaziorik abiatuko ez duela eta soldaduok ez dutela borroka egingo argitu du Obamak.
Etxe Zuritik aitortu dutenez, baliteke Estatu Islamikoaren aurkako kanpainak Obamaren agintaldia 2017. urteko urtarrilean bukatu eta gero ere jarraitzea.
Gainera, Saudi Arabiak estrategia honetan aliatu izatea onartu du, iturri ofizialek baieztatu dutenez.
AEBren esanetan, 40 herrialdek Estatu Islamikoaren aurka egitea promestu dute, baina ez dute zehaztu zeintzuek. NBEren Batzar Nagusia hilabete amaieran batzartzekoa da, eta baliteke orduan gorpuztea nazioarteko koalizioa.