Mundua -
Datu berriak
Foleyri eta beste bahitu batzuei 'bainuontziaren tortura' egin zieten
Washington Post egunkariaren arabera, bahiketaren hasieran, 2012ko azaroan, egin zioten tortura mota hau kazetari estatubatuarrari.
Erredakzioa
James Foley Estatu Islamikoak, Sirian, burua moztu zion kazetari estatubatuarrari eta, gutxienez, beste hiru bahituri 'bainuontziaren tortura' egin zieten, Washington Post egunkariak gaur kaleratu duenez.
2012ko azaroan bahitu zuten Foley, eta zabaldutako informazioaren arabera, bahiketaren hasieran egin zioten tortura mota hau kazetariari, behin baino gehiagotan. Estatu Islamikoak Sirian dituen bahituen egoera ikertzen ari diren iturriak aipatu ditu Washington Postek informazioa baieztatzeko.
Atxilotuei edota bahituei galdeketetan informazioa lortzeko tortura mota hau erabili izana aitortu zuen CIAk irailaren 11ko atentatuen ondoren. Barack Obamak, Etxe Zurira iritsi orduko, metodo hori erabiltzea debekatu zuen eta gogor gaitzetsi zuen, tortura mota bat zelako.
Oraingoz, Foleyren familiak eta FBIk ez dute informazio hau baieztatu. Estatu Islamikoak bideoa zabaldu zuenetik, AEBko iritzi publikoa Obamari presioa egiten ari da, Siriako jihadisten kontrako estrategia areagotu dezan.
Estatu Islamikoak esan zuenez, AEB Iraken egiten ari den "eraso zuzenen ondorioa" izan da Foleyren hilketa.