Mundua -
Siria
Estatu Islamikoak 250 soldadu siriar hil ditu azken orduetan
Bestalde, Nazio Batuen Erakundeak jakinarazi du 43 kasko urdin bahitu dituztela Golango gainetan, Siria eta Israel arteko mugan.
Erredakzioa
Estatu Islamikoak Interneten eskegitako azken bideoa munduari buelta ematen ari da: bertan ageri dira ehunka soldadu siriar, talde jihadistak bahitutakoak, eta horietako batzuk bideoan nola hiltzen dituzten erakusten dute.
Azpiko arropa besterik gabe, korrika eraman dituzte bahitutako soldaduak basamortuan barrena eta hildako batzuk ageri dira ondoren aipatu bideoan.
Siriako Giza Eskubideen behatokiak onartu du azken orduetan 250 soldadu hil dituela Estatu Islamiarrak: soldadu hauek Al Tabqa aeroportutik ihesi joaten saiatu zirenak dira, aireoportu hori jihadistek hartu zutenean.
43 kasko urdin atxilotu dituzte
Bestalde, 43 kasko urdin atxilotu dituzte Golango gainean, Siria eta Israel arteko mugan, eta beste 81 kideri inguru horretatik mugitzea galarazi diete Nazio Batuen Erakundeak ostegun honetan baieztatu duenez.
Atxilotutako 43 kideak Fijikoak dira, eta Golango gaina behatzeko Nazio Batuen Erakundeak eratutako taldeko partaideak dira. "Nazio Batuen Erakundea atxilotutako 'kasko urdinak' askatzeko eta mugitzeko aukerarik ez duten soldaduei askatasuna berrezartzeko lanean ari da", adierazi du ohar batean.
Aipaturiko atxiloketak Siriako Armadaren eta identifikatu gabeko talde armatuen arteko borrokak areagotu diren garaian gertatu dira. 43 "kasko urdinak" Al Qunaytirah herriaren inguruetan atxilotu zituzten, eta beste 81 "kasko urdin", guztiak filipinarrak, Ar Ruwayhinah eta Burayqah hirien inguruetan egotera behartu dituzte.
Rami Abderrahman Siriako Giza Eskubideen Behatokiko zuzendariak Al Nusra Fronte jihadistari leporatu dio bahiketa. Talde hori Al Qaidaren Siriako adarra da.
Nazio Batuek ez dute inor erruduntzat jo, 43 kasko urdin "talde armatu" batek atxilotu dituela eta beste 81 mugitu ezinik daudela baino ez baitu baieztatu.
Fadi Alasmai Siriako oposizioko Red Sham erakundeko ordezkariak esan du Al Nursa Fronte jihadistako kideek kasko urdinen bi eraikin setiatuta dituztela, baina ez direla sartu. Gainera, Siriako Ejertzito Askeko kideak jihadistekin negoziatzen ari direla esan du, kasko urdinak askatu ahal izateko, baina Al Nusra ez dagoela negoziatzeko prest.
Ban Ki-moon NBEko idazkari nagusiaren bozeramaile Stephane Dujarricek esan du zonaldeko aktoreekin kontaktuan jarri direla atxilotuak askatzea eta gainontzekoak libreki mugitzea lortzeko.
Siriako matxinoek Golango gainean NBEko langileak bahitzen dituzten hirugarren aldia da.