Mundua -

Estatu Islamikoa

'John' jihadista britainiarra, James Foley kazetariaren hiltzailea?

Hiltzailea Estatu Islamikoa taldearen zelula britainiar bateko buruzagia dela eta Sirian bahitutako atzerritarrak zaintzen dituela zabaldu du 'The Guardian' egunkariak gaurko edizioan.

Cameron
Cameron
Cameron

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

James Foley kazetariaren hiltzailea jihadista britainiar bat izan litekeela zabaldu du The Guardian egunkari britainiarrak. Estatu Islamikoa taldearen zelula britainiar bateko buruzagia dela eta Sirian bahitutako atzerritarrak zaintzen dituela zabaldu du egunkari horrek gaurko edizioan.

Estatu Islamikoak James Foley kazetariari burua nola moztu zion erakusten zuen bideoa zabaldu zuen asteartean. Foley 2012. urtean bahitu zuten, Sirian.

David Cameron Erresuma Batuko lehen ministroak onartu du "litekeena" dela hiltzailea britainiarra izatea.

The Guardianek zabaldutako informazioaren arabera, John ezizenarekin ezaguna den britainiarra da James Foley kazetariaren hiltzailea. Iraganean Sirian bahituta egon zen lekuko baten arabera, jatorriz britainiarrak diren beste hiru jihadistarekin batera, bahitutako pertsonak zaintzen dituen zelula bat osatzen du horrek.

Iturri horren arabera, John ongi hezitako pertsona bizkorra da, eta aspaldi egin zuen bat jihadistekin. Bahitutako pertsonek The Beatles ezizenarekin ezagutzen zituzten, lau britainiar zirelako.

Siriako beste iturri batzuek ere bertsio hori baieztatu diote The Guardiani, eta Johnek bahitutakoen senideekin negoziatu egiten duela azaldu dute.

Terrorismoaren aurkako borrokaren iturriek, bestalde, jihadistekin bat egin duten 500 britainiar daudela ohartarazi dute.

Bideoa asteartean zabaldu zuten

Etxe Zuriak asteazkenean baieztatu zuen Estatu Islamikoak James Foley kazetari estatubatuarrari burua mozten dioten bideoa benetakoa dela.

Jihadisten foro ezberdinetan zabaldutako bideoan, Foley haren familia agurtzen ikus zitekeen eta, Iraken esku hartzeagatik, AEBko Gobernuari egozten zion bere exekuzioaren errua. Ondoren, ingelesez hitz egiten zuen gizonezko batek lepoa mozten zion kazetariari kamera aurrean.

Irudietan, Foley estatubaturraz gain, Steve Joel Sotloff kazetari estatubatuarra (bahitutako beste kazetari bat) ere ageri zen, eta, grabaketaren arabera, horren bizitza "Obamak hartuko dituen erabakien esku dago".

Obama: "Errotik atera behar dugun minbizia dira"

Barack Obama AEBko presidenteak bere atsekabea adierazi du Foleyren hilketarekin. Haren ustez, "mundu osoa astindu duen indarkeria ekintza izan da".

Obamak esan du Foleyren familiarekin hitz egin duela, telefonoz: "Esan diet denok dugula bihotza apurtuta, galera honengatik, eta haien ondoan gaudela. Gaur, AEBko herritarrek James maite zutenen alde egingo dute otoitz".

Obamaren esanetan, "mundu osoa dago ados gauza batean: Estatu Islamikoa bezalako talde terroristek ez dute inolako zentzurik XXI. mendean. Jende honek porrot egingo du, etorkizuna eraikitzen dutenena baita, ez suntsitzen dutenena".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak 2024 Ameriketako Estatu Batuak bideoak Barack Obama albisteak Albisteak Gaur Gaurko azken orduko albistea Kazetaritza gaur Erresuma Batua argazkiak Estatu Islamikoa Jihadismoa hoy Erailketak Siria