Mundua -
Bilera
Laguntza handiagoa, Errusiaren betoak eragindako ekoizleentzat
Nekazaritza ministroak irailaren 5ean egingo duten ezohiko kontseilu batera deitu dituzte. Debekatutako elikagaien zerrendan aldaketa batzuk jakinarazi ditu Errusiak.
Erredakzioa
Europako Batzordeak (EBk) ostegunean adierazi duenez, datorren asterako neurri gehiago ari da prestatzen Errusiak ezarritako betoak eragindako ekoizleei laguntzeko. Izan ere, Errusiak betoa ezarri die Europar Batasunetik heldutako nekazaritza eta elikagai-esportazioei. Galkorrak diren produktuen izango dute lehentasuna.
Europako sektorearen egoera EBko Nekazaritza ministroek ere aztertuko dute. Bruselan datorren irailaren 5ean egingo duten ezohiko kontseilu batera deitu dituzte, Eferi EBren iturriek zehaztu diotenez.
EBren eta Hogeita zortzien adituek bilera egin dute ostegun honetan, Europako ekoizpenak aurre egin behar duen egoeraren inguruko balantzea egiteko. Errusiak ezarritako murrizketek kaltetu ahal dituzten produktuak zeintzuk diren zehazten saiatu dira.
Bileraren ostean, Dacian Ciolos Nekazaritza komisario europarrak esan du datorren asteko hasieran aurkeztuko dutela “merkatua orekatzeko hurrengo neurria; fruta eta barazki produktu batzuetan oinarrituko da, orain zailtasunak dituzte; ekintza neurrikoa eta errentagarria izango da”.
Abuztuaren 11n EBk lehen neurriak proposatu zituen, mertxiken eta nektarinen ekoizleei zuzenduak.
Jarraipen mekanismoa
Halaber, ostegunean jarraipen mekanismoa abiatzea ere erabaki dute; horrela, merkatuaren datuetarako sarbide azkarra eta hobea izango dute, kideak diren Estatuen laguntzarekin. Asteroko bilerak egingo dituzte horiekin adituek.
"Prest nago EBren mailako neurriak proposatzeko, beharrezkoak direnean. Ekoizleak ziur egon ahal dira", esan du Ciolosek, eta gogorarazi du erreformatutako Nekazaritza-Politika Komunak beharrezkoak diren baliabideak eskaintzen dituela; adibidez, krisialdiko funtsa bat. 2014rako, funtsa horren aurreikuspena 423 milioi eurokoa da.
Datorren astean aurkeztuko dituzten neurriez gain, komisarioak esan du prest dagoela "gehiago proposatzeko, egoerak aurrera egin ahala, garaiz, neurrian eta elkarte-espirituan".
Errusiaren enbargoaren eragina 5.252 milioi eurokoa izan ahal dela balioetsi dute; Espainiari dagokionez 338 milioikoa da, iazko datuak kontuan izanik.
Zein sektoreri eragiten die gehien?
Gaur Batzordeak emandako aurreko datuen arabera, eta 2013ko zifretan oinarrituta, beto errusiarrak EBren txerri haragiaren % 1,7ri eragiten dio, behi-haragiaren % 0,4ri eta oilasko haragiaren ekoizpenaren % 0,6ri.
Fruta eta barazkiei dagokienez, madarien europar ekoizpenaren % 8ri eragiten dio; sagarren % 7ri; fruitu gorrien, marrubien eta kiwien % 6ri; txanpiñoien, mertxiken eta nektarinen % 4ri; azaburu zuriaren % 3ri; tomateari, tipulari, piper gozori, pepinori, pepinotxori eta zitrikoei dagokienez, % 2ri; eta azenarioen, arbien, azaloreen eta brokolien % 1i.
Esnekietan, Errusiak EBetik gaztaren ekoizpenaren % 2,6 bereganatu zuen, gurinaren % 1,7 eta esnearen gazuraren % 1,1.
Errusiaren zerrendan, aldaketa
Bere aldetik, Errusiak aldaketa bat jakinarazi du, debekatutako produktuen zerrendan. Izan ere, produktu batzuk herrialdean bertan egin ahal izateko lehengaia lortzea da aldaketa horren asmoa.