Mundua -

Ezbeharra Ukrainan

Bukatutzat eman dituzte hegazkineko gorpuak berreskuratzeko lanak

NBEko Segurtasun Kontseiluak aho batez onartu du ebazpen bat errusiazaleei ikerketa erraztea eskatzeko. Era berean, adituak gertakariaren tokira berehala sartzen uzteko eskatu du.

Biktimak hegazkina Ukraina
Biktimak hegazkina Ukraina
Hegazkineko hildakoen gorpuak Jarkovera eramango dituzte

0:47

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ukraina ekialdean eroritako Malaysiako hegazkinean zihoaztenen gorpuak berreskuratzeko lanak amaitu dira, Vladimir Groisman Ukrainako lehen ministro ordeak jakinarazi duenez.

"Gorpuak bilatzeko lanak amaitu dira. 282 hilotz eta 16 biktimaren 87 zati aurkitu dira", azaldu du tragediaren ikerketa arduradunak Kieven eman duen prentsaurrekoan.

Gorpuak Jarkovera eraman dituzte

Gorpuak bagoi hozkailuetan eraman dituzte Jarkov hirira. Bertan matxino errusiazaleek nazioarteko adituen eskuetan utziko dituzte.

Gorpuak zero graduko tenperaturan dituzte trenean. Holandako auzitegiko hiru medikuk oniritzia eman dute goizean. Gorpuen egoera aztertu duten atzerriko aurreneko adituak izan dira.

Holandako medikuek bagoiak zabaldu dituzte Torazen, Europako Segurtasun eta Lankidetzarako Erakundearen misioak lagunduta.

Orduak negoziatzen eman eta gero, matxino errusiazaleek gorpuak lekualdatzeko baimena eman dute. Gorpuek lau egun luze eman dituzte Torazen.

NBEko Segurtasun Kontseiluak aho batez onartu du gaur ebazpen bat errusiazaleei ikerketa erraztea eskatzeko. Era berean, adituak gertakariaren tokira berehala sartzen uzteko eskatu du.

Su-etena istripuaren zonaldean

Petro Poroxenko Ukrainako presidenteak su-etena agindu du gaur, hegazkina bota zuten eremutik hasi eta 40 kilometroko inguruan.

"Agindua eman dut: militar ukrainarrek ez dituzte operazioak edo tiro egin behar tragedia gertatu zen lekuan eta 40 kilometroko inguruan", adierazi du Poroxenkok, Donetsk ekialdeari erreferentzia eginez.

Indar ukrainarren eta errusiazaleen arteko borrokak gogortu egin ziren hegazkina bota zutenetik, nahiz eta nazioarteko komunitateak su-etena eskatu gertatutakoa ikertzeko.

Biktimak Holandara

Malaysiako hegazkineko biktimen gorpuak Holandara eramateko prest agertu da Ukrainako Gobernua, herrialde horretan autopsiak egin ahal izateko, Arseni Yatseniuk lehen ministroak gaur goizean iragarri duenez.

“Amsterdamen autopsiak eta auzitegiko medikuen azterketak egiteko munduko klinika garatuenetako bat dago eta, hortaz, Ukrainako Gobernua prest dago gorpuak bertara eramateko”, esan du Yatseniukek. Ustez misil baten ondorioz erori zen hegazkinean 193 holandar zihoazen.

“Ez dago zalantzarik, hegazkina misil baten ondorioz erori zen. Seguruenik BUK-M1 sistemako misil bat erabili zuten hegazkina botatzeko. Errusiazale terrorista mozkor batzuek ez dute sistema hori erabiltzen, ari dago profesionalak izan zirela”, azaldu du lehen ministroak.

Bitartean, matxino errusiazaleei trenen irteera ez oztopatzeko eskatu dio Kieveko Gobernuak.

Errusia eta matxinoak, jomugan

Ukrainako Segurtasun Zerbitzuak errebeldeen bi kideren arteko grabazio bat zabaldu zuen atzo. Bertan, separatisten aurkako akusazioak egiten dituzte eta Errusiako Gobernuari frogak ezkutatzea egozten diete.

Aleksandr Borodái Donetskeko errepublikako lehen ministroak onartu egin du hegazkinaren kutxa beltzak beraiek dituztela.

Bestalde, gaur goizean Donetskera iritsi dira biktimak identifikatzeko taldeko hiru kideak.

MH17 hegaldiari gertatutakoa argitzeko ikerketa oztopatzea egotzi zien atzo Ukrainako Gobernuak matxinoei.

Misila Errusiak eman izanaren frogak dituela dio Kievek

Ukrainako Gobernuak jakinarazi du Malaysiako hegazkina jo zuen misila Errusiak eman eta errusiazaleek jaurti izanaren frogak dituela.

"Frogak daude hegazkina jo zuen misila terroristek jaurti zutela eta Errusiako Federazioko armak eta teknikariak izan zituztela erakusten dutenak", azaldu du Andrii Lisenko Ukrainako Segurtasun eta Defentsa Kontseilu Nazionaleko bozeramaileak.

"Tragediari uko egiteko, Errusiak argazki eta mapa asko sortu eta atera ditu, eta guztiak ikertuko ditugu", gehitu du Lisenkok prentsaurreko batean.

Ukrainako segurtasun aparatuko iturri batek gaur adierazi du errusiazaleek bota zutela hegazkina eraitsi zuen misila, Errusiako radar bidez gidatzen diren BUK-M1 (SA-11) misil sistema erabilita eta, ziurrenik, teknikari errusiarrek lagunduta.

Errusiak dio ez ziela matxinoei misilik eman

Errusiako Indar Armatuen Estatu Nagusiak gaur adierazi du Errusiak ez ziela Ukraina ekialdeko milizia errusiazaleei Buk misilen sistemarik eman, ustez Malaysiako hegazkina eraitsi zuen misil mota, hain zuzen.

Iturriak azaldu duenez, gainera, Errusiako radarrek SU-25 hegazkin bat atzeman zuten erori zen hegazkinerantz joaten.

Obama

Ukrainako ekialdean, iragan astean, eraitsi zuten hegazkinaren "ikerketa blokeatzen jarraitzea" leporatu die Barack Obama AEBetako presidenteak matxino errusiazaleei. Ikerketa "garden" bat egiteko Errusiaren lankidetza eskatu du buruzagiak.

"Zer nahi dute ezkutatu?", galdetu du AEBetako presidenteak Etxe Zurian. Bestalde, hondakinen "manipulazioa" amaitzeko matxinoei presioa egiteko eskatu dio Obamak Errusiari, Moskuk nazioartean "bakarturik" geratu nahi ez baldin badu.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Egungo berriak Ukraina Errusia berriak Barack Obama NBE bideoak Hegazkin istripuak Albisteak Gaur Gaurko azken orduko albistea Errusia-Ukraina gerra azken ordukoa