Mundua -

Gerra Ukrainan

Kievek eta errusiazaleek elkarri egotzi diote hegazkina eraitsi izana

AEBko inteligentzia zerbitzuen arabera, Malaysiako hegazkina misil batek jota erori zen. Ukrainak eta errusiazaleek elkarri egotzi diote misil hori jaurti izana. NBEk nazioarteko ikerketa eskatu du.

Ukraina hegazkin istripua
Ukraina hegazkin istripua
Errusiazaleek su-eten humanitarioa eskatu dute

1:56

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ukrainako Gobernuak eta matxino errusiazaleek elkarri egotzi diote atzo Donetsken erori zen Boeing 777 malaysiarra eraitsi izana.

AEBko inteligentzia zerbitzuen arabera, hegazkina misil batek jota erori zen, eta Nazio Batuen Erakundeko (NBE) Segurtasun Kontseiluak premiazko bilera egingo du gaur.

Hori horrela, matxino errusiazaleek tregoa bat eskaini dute, hegazkinarekin zer gertatu den ikertzeko.

Hegazkina Amsterdam-Kuala Lumpur bidea egiten ari zen, eta Sneshnoye herrian erori zen, Errusiako mugatik 50 kilometrora.

"280 bidaiariak eta 15 tripulatzaileak hil dira", iragarri zuen atzo Anton Gueraxenkok, Ukrainako Barne ministroaren aholkulariak, Facebooken.

Horren esanetan, Donetsk eskualde matxinoan jaurtitako misil batek eraitsi du hegazkina. Petro Poroxenko Ukrainako presidenteak gertatutakoa "ekintza terrorista" izan dela adierazi du.

Nolanahi ere, Donetsk eskualdeko agintari matxino errusiazaleek ukatu egin dute 10.000 metrora dagoen hegazkin bat eraisteko armak dituztela. Hori dela eta, Ukrainako Armadari egotzi diote gertatutakoa.

Gainera, Vitali Jarema Ukrainako fiskalburuak aitortu egin du matxinoak ez direla 'Buk' aire-defentsa sistemez jabetu.

Errusiako hedabideak urrunago joan dira, eta Malaysiako hegazkina jo duen misil ukrainarraren benetako helburua Vladimir Putin presidente errusiarraren hegazkina eraistea zela esan dute.

"Putinen hegazkinak eta Malaysian Airlines konpainiarenak topo egin zuten puntu eta korridore berean. Varsoviatik gertu izan zen, 330a mailan, 10.100 metrora. Presidentearen hegazkina 16:21ean (14:21, Euskal Herrian) zegoen puntu horretan, eta Malaysian Airlinesena, aldiz, 15:44an (13:44, Euskal Herrian)", zehaztu dute hedabideotan.

NBEk nazioarteko ikerketa eskatu du

Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Batzordeak nazioarteko ikerketa independentea eskatu du Malaysia Airlineseko hegazkin komertzialak Ukraina ekialdean izandako istripua argitzeko.

Nazio Batuen erabaki organo nagusiak minutu bateko isilunea egin du biktimen omenez, eta Ukrainako gatazkako alde guztiei istripuaren zonaldera sarrera berehala irekitzeko eskatu die.

Obamak su etena eskatu du

Barack Obama AEBko presidenteak berehalako su.etena eskatu du Ukraina ekitaldean, Malaysia Airlines konpainiako hegazkinarekin gertatutakoa ikertzeko. ‘’Su-etena ezinbestekoa da, berehala’’, esan du Etxe Zurian egin duen agerraldian.

"Frogei ezin zaie oztoporik jarri. Ikertzaileek istripuaren tokira joan behar dute", gehitu du, eta FBIko talde bat eta Garraioaren Segurtasun agentzia Ukrainara bidean direla adierazi du, ikerketan laguntzeko.

Dena dela, Obamak adierazi du goizegi dela misila jaurti zutenen helburuak zeintzuk ziren jakiteko, eta ez du zuzenean Vladimir Putin presidente errusiarra errudun jo nahi izan.

Frogen gerra

Propaganda eta desinformazio gerra honetan, Ukrainako segurtasun zerbitzuek matxino errusiazaleen arteko hainbat elkarrizketa bildu dituztela iragarri dute. Horietan, hegazkina eraitsi izana aitortzen omen dute. Hemen entzun dezakezu:

Halaber, Ukrainako Barne Ministerioaren esanetan, matxinoek Errusiara eraman dute jada hegazkina suntsitzeko erabilitako aire-defentsa.

Moskuk aire-defentsa ukrainar bat pizten atzeman du, erradarren bidez.

Bestalde, matxinoek hegazkinaren kutxa beltza topatu dute, eta nazioarteko behatzaileei emateko prest agertu dira.

Denak dira susmagarri

Jesús Torquemada eitb.eus-en nazioarteko adituak azaldu duenez, "Errusiak eta Ukrainak hegazkinak eraisteko misilak dituzte, eta, beraz, hasiera batean denak dira susmagarri".

Dena dela, gogora ekarri du azken aldian matxino errusiazaleek Ukrainaren gerra-hegazkin bat, zama-hegazkin bat eta helikoptero bat eraitsi dituztela. "Badirudi misilak gehien erabiltzen ari direnak errusiarrak direla", gaineratu du.

Halaber, orain arte Ukrainako aire-espazioa irekita egon dela nabarmendu du Torquemadak. "Ukrainak, Errusiak eta matxinoek ez dute debekatu bidaiari-hegazkinen trafikoa, ofizialki Ukrainakoa ez baita gerra bat".

Putinek "sakon" ikertzea eskatu du

Vladimir Putin Errusiako presidenteak ikerketa "sakona eta objektiboa" egitea eskatu du.

"Errusiako estatuburuaren hitzetan, tragediak erakutsi egin du halabeharrezkoa dela Ukrainako krisi larriari lehenbailehen irtenbide baketsua adostea", zehaztu du Kremlinek, agiri batean.

Putinek doluminak agertu dizkio Herbehereetako lehen ministroari, biktima gehienak herrialde horretakoak baitziren.

Hildakoetako hainbat zientzialariak ziren

Hegazkinean hildakoetako hainbat zientzialariak ziren, hiesaren aurkako borrokan adituak hain zuzen ere, eta Melbournera (Australia) zihoazen, gaixotasun horri buruzko foro batean parte hartzeko.

Biktimen artean Joep Lange dago, hau da, hiesaren aurkako borrokaren aitzindarietako bat, terapia konbinatuen arloan aditu.

Hogeita hamar urte baino gehiago eman ditu Langek herrialde pobreetan hiesaren aurkako sendagaiak merkeagoak izatea aldarrikatzeko kanpainetan parte hartzen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Egungo berriak Ukraina Ameriketako Estatu Batuak Errusia berriak NBE Hegazkin istripuak albisteak Eguneko albisteak Gaurko azken ordukoa Errusia-Ukraina gerra gaur