Mundua -
Ukraina
Errusiazaleek 22 soldadu ukrainar hil dituztela iragarri dute
Bart izandako borroketan errusiazaleek zenbait ibilgailu blindatu eta tanke suntsitu dituzte Sloviansk inguruan.
Erredakzioa
Ukrainako 22 soldadu hil dira Sloviansk eta Kramatorsk hirien inguruan, Ukraina ekialdean, milizia errusiazaleen bozeramaileak aditzera emandakoaren arabera.
"Kramatorskeko aerodromoaren ondoan, gure talde batek arerioei eraso egin die, hiru ibilgailu blindatu suntsitu eta 18 soldadu hil ditu. Sloviansk inguruan ere bi tanke suntsitu eta lau soldadu hil ditugu", esan dio RIA-Novosti Errusiako albiste agentzia ofizialari.
Halaber, errusiazaleek Seversk hiria kontrolpean dutela esan du bozeramaileak. Seversk Sloviansk eta Kramatorsk inguruan dago. Bi hiri horietatik alde egin zuten errusiazaleek asteburuan, eta egun Ukrainako indarren mende daude.
"Egoera hau da: arerioak Donetskera bidean pilatu ditu indarrak, eta gu hori saihesten saiatzen ari gara", azaldu du errusiazaleen bozeramaileak.
Kieven, aldiz, agintariak baikor daude errusiarren kontrako operazio militarraren aurrean, eta borrokak laster amaituko direla esan dute.