Mundua -

Errusia-Ukraina

Ukrainako Armadak gatazka hasi zenetik eraso bortitzena jasan du

Errusiazaleek hegazkin bat suntsitu eta 49 militar hil dituzte. Gainera, Defentsa ministerioak iragarri du 250 errebeldetik gora hil direla azken 24 orduetan.

Ukrainako soldaduak
Ukrainako soldaduak
Errusiazaleek hegazkin militar bat bota dute lurrera

1:19

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ukrainako Armadak 250 errusiazale matxinatutik gora hil ditu azken 24 orduetan, gehienak errusiarrak, Mijail Koval Ukrainako Defentsa ministroak Petro Poroshenko presidenteari jakinarazi dionez.

Defentsako buruak Ukrainako Defentsa eta Segurtasun Nazionalerako Kontseiluan eskaini ditu zifra horiek. Poroshenkok deitu du bilera, bart matxinatuek hegazkin bat suntsitu eta 49 soldadu ukrainar hil ostean.

Il-76 hegazkinak tripulazioko bederatzi kide eta goi mailako 40 militar zeramatzan, eta Luganskeko aireportuan lurreratzera zihoan, errebeldeen bi misilek suntsitu duten unean. Errusiazaleek erasoa egin izana onartu dute.

Poroshenkok erasotzaileak zigortzeko agindua eman du, eta Ukrainako Segurtasun Zerbitzuaren gabeziak agerian utzi ditu, ez baita hegazkina segurtasunez lurreratzeko gai izan.

Ukrainako presidenteak "ezbeharra eragin duten faktoreen eta Terrorismoaren Aurkako Zentroaren zuzendaritzak kasu horretan izan duen erantzukizunaren analisi zehatza" eskatu du.

Bileran, Poroshenkok adierazi du Gobernuaren indarrek eta Ukrainako mugako zaindariek kontrola berreskuratu dutela errebeldeen esku zeuden Errusiaren eta Ukrainaren arteko mugako 248 kilometrotan.

Ukrainako agintariek Errusiarekin muga osoa ixtea planteatu dute. Izan ere, errebeldeak babesten dituela leporatu diote Errusiari, soldaduak, armak eta tankeak bidaliz.

Bestalde, Ukrainako mugako bost soldadu hil dira gaur Donetsk eskualdeko Mariupol hirian, errebeldeek euren ibilgailuak erasotu ostean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ukraina albisteak Albisteak Gaur Gaurko azken orduko albistea Errusia-Ukraina gerra azken ordukoa