Mundua -
Hauteskunde presidentzialak
Poroxenkok bere garaipena aldarrikatu du Ukrainako hauteskundeetan
Bozen % 41,49 zenbatuta, hautagai europazaleak hautesleen % 54,1en babesa jaso du. Timoxenkok, berriz, botoen % 13,15 lortu ditu.
Erredakzioa
Petro Poroxenkok Ukrainako presidenterako hauteskundeak irabazi dituela aldarrikatu du.
Bozen % 41,49 zenbatuta, Poroxenkok hautesleen % 54,1en babesa jaso du, Hauteskunde Batzorde Nagusiaren arabera.
Bigarren tokian Julia Timoxenko dago, botoen % 13,15 lortuta, eta hirugarren, Oleg Lishko Ukrainako Alderdi Erradikaleko liderra, botoen % 8,53 lortuta.
Emaitzak bat datoz hauteslekuen irteeran egindako inkestek esandakoarekin.
Tymoxenkok porrota onartu du, eta hauteskundeak bidezkoak eta demokratikoak izan direla adierazi du. Dena den, Ukraina NATOn sartu ala ez erabakitzeko referenduma egiteko beharra nabarmendu du.
Poroxenkok Ukraina Europara gerturatzeko lanean jarraituko duela azpimarratu du, baina horren aurretik ekialdera bidaiatuko du "gerra egoerarekin eta kaosarekin" amaitzeko.
Armak uzten ez dituzten bitartean, Luhansk eta Donetsk eskualdeetako matxinoekin ez duela negoziatuko adierazi du. Halaber, "Krimeako okupazioa"onartzeari uko egin dio.
Putinekin bilera
Poroxenkok Vladimir Putin Errusiako presidentearekin batzartzeko asmoa agertu du, ekainaren lehen hamabostaldian, eta matxino errusiazaleen aurkako erasoarekin aurrera jarraituko duela gaineratu du.
"Putinek eta nik ondo ezagutzen dugu elkar", esan du prentsaurreko batean. Poroxenkoren ustez, errusiarrekin egin beharreko bilera ez da bakarrik "bostekoa emateko", ondo prestatu beharreko topaketa baizik.
Ukrainako hauteskundeetako irabazleak argi utzi du Errusia dela Ukrainak inguruan duena herrialderik handiena eta bere parte-hartzea ezinbestekoa dela "gerra gelditzeko eta ekialdean bakea lortzeko".
"Emaitzak behar ditugu, jendea horren zain dago", esan du Poroxenkok Errusiarekin egin beharreko negoziazioez hitz egiterakoan.
Bestalde, aurten Parlamentuko hauteskundeak deituko dituela iragarri du.
Gutxienez pertsona bat hil da tiroketa batean Luhansk eskualdean
Pertsona bat hil eta beste bat zauritu da igande honetan Luhansk eskualdean jazo den tiroketa batean. Serhii Jarovi Ukrainako Barne ministrordeak adierazi duenez, errusiazaleen eta Ukrainako terrorismoaren kontrako polizien arteko istiluak izan dira Luhansk eskualdean.
"Gertakariaren eraginez, pertsona bat hil eta beste bat zauritu da", adierazi dio Jarovik Interfax Ukraina albiste agentziari.
Parte-hartzea
Ukrainako hauteskundeetan parte-hartzea % 60,04koa izan da, ekialdeko lurraldeetan abstentzioa oso altua izan bada ere.
33 milioi pertsona zeuden bozkatzera deituta Ukrainan. Luhansk eta Donetsk eskualdeetan matxinoek boikota egin dute, eta, lehen datuen arabera, bi eskualdeetan 3 milioi pertsonak ez dute botoa emateko aukerarik izan.
Bestalde, Donetsk eta Luhansk eskualdeetako hiriburuetan hauteslekuak ez dituzte ireki ere egin.