Mundua -

Krisia Ukrainan

Donetskek eta Luhanskek Ukrainatik independente direla aitortu dute

Bestalde, Errusiako Gobernuak esan du errespetatu egiten duela erreferendumetan herritarrek agertutako borondatea, eta erabakitakoa elkarrizketaren bitartez ezartzeko eskatu du.

Alexandr Turtxinov Ukrainako jarduneko presidentea. Argazkia: Efe
Alexandr Turtxinov Ukrainako jarduneko presidentea.
Independentzia aldarrikatu dute ekialdeko eskualdeek

3:27

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Donets eskualdeak Ukrainatik independente dela aitortu du astelehen honetan, erreferendumean aukera hori herritarren % 86,7k babestu eta egun batera. Halaber, Errusiaren parte izatea eskatu zuten.

Independentziaren aldarrikapena Donetskeko "behin-behineko Gobernuak" egin du. Ukrainako hego-ekialdeko eskualdean bizi diren gehienak errusiarrak dira.

Prentsaurreko batean, Denis Pushilin Donetskeko Errepublikako presidenteak Moskuri Errusiako Federazioaren baitan Estatu berriaren integrazioa kontuan hartzea eskatu dio.

"Geu, Donetskeko Errepublikako herria, 2014ko maiatzaren 11n egindako erreferendumaren emaitzak eta RPDren subiranotasun deklarazioa kontuan hartuta, Estatu subiranoa garela aitortzen dugu", nabarmendu du aitorpenak, Pushilinek irakurrita.

Halaber, Luganks herrialdeak (hego-ekialdea) ere Ukrainagandik independente dela aitortu du, erreferendumean % 96k horren alde egin eta egun bat geroago.

Lugansk independentearen Errepublikaren aitorpena mitin jendetsu baten egin dute, hiriburuan, Donetskek bere independentzia iragarri eta zertxobait geroago.

Kievek ez die balio juridikorik eman galdeketei

Alexandr Turtxinov Ukrainako jarduneko presidenteak ez die balio juridikorik ematen atzo Donetsken eta Lugansken egin zituzten erreferendumei.

"Fartsa propagandistiko horrek ez du ondorio juridikorik izango, antolatzaileei dagozkien zigor ardurak salbu", adierazi du presidente ukrainarrak Parlamentuak zabaldutako prentsa-ohar batean.

Errusiazaleek estatu erakundeak eratuko dituzte

"Donetskeko herri errepublikako" (errusiazaleek eskualdeari jarri dioten izena) buruzagi errusiazaleek iragarri dute estatu erakundeak eratuko dituztela atzoko erreferendumen garaipena ospatzeko.

"Orain, epe laburrean, estatu erakundeak sortu behar ditugu", adierazi du Denis Pushilin errepublikaren presidenteordeak.

Buruzagiak ohartarazi duenez, "erreferendumaren emaitzak jakinarazi ostean lurraldean geratzen diren indar militarrak (ukrainarrak) legez kanpokotzat eta indar okupatzailetzat joko ditugu".

Errusiarekin bat egiteko erreferenduma Lugansken

RIA Novosti albiste agentzia errusiarrak Luganskeko errusiazaleen bozeramaile bat aipatuta jakitera eman duenez, baliteke eskualde horretan Errusiarekin bat egiteko erreferenduma antolatzea.

"Erabaki hori hartzen bada, herritarren erabakia aintzat hartuko da", adierazi du bozeramaile errusiazaleak.

Errusiak herritarren borondatea errespetatzen du

Errusiako Gobernuak esan du errespetatu egiten duela erreferendumetan herritarrek agertutako borondatea; hau da, Ukrainiatik independizatzeko nahia.

Gainera, prentsa-agiri baten bitartez, partehartzea handia izan dela azpimarratu du, eta elkarrizketaren bidez emaitza aplikatzea eskatu du.

Bestalde, erreferendumak galarazteko Armada erabili izana leporatu die Errusiak Ukrainako agintariei.

"Partehartze handia azpimarratzen dugu; izan ere, bozketa galarazten saiatu dira gerrillari erradikalen laguntzarekin, Armadarekin, eta armak herritar baketsuen kontra erabiliz. Horrek hildakoak utzi ditu", adierazi du Serguei Lavrov Errusiako Atzerri ministroak.

Yanukovitx: 'Pazientziaren muga gainditu dute'

Viktor Yanukovitx Ukrainako presidente kargugabetuak ohartarazi du Kievek muga gainditu duela Donetskeko eta Luganskeko errusiazaleen kontra eginda.

"Zergatik Donbass inguruko herritarren gehiengo osoak eman zuen botoa beste Estatu mota baten alde, eta herritarrei terrorista deitzen dieten edo herritarrak erabateko zigorgabetasunez hiltzen dituen estatu baten kontra? Ukrainako herritarren pazientziaren muga gainditu dutelako", adierazi du Yanukovitxek Ukrainako hedabideek zabaldutako mezu batean.

EBk ez ditu emaitzak onartuko

Ukraina ekialdeko Donets eta Lujansk eskualdeetan egin diren erreferendumak "legez kanpokoak" direla esan du, Kieven antzera, Europar Batasunak, eta emaitzak onartuko ez dituztela aurreratu du.

"Alde guztiek babesa behar dute maiatzaren 25eko presidentetzarako hauteskundeak askatasunarekin egin eta bidezkoak izan daitezen, krisiari aurre egiteko eta ukrainarrek euren etorkizuna erabakitzeko", azaldu du Catherine Ashton bozeramaileak.

Horrez gain, "Elkarrizketa Nazionalaren baitan, eskualde guztiei babesteko lanean jarraitzea" eskatu dio Ukrainako Gobernuari.

Erreferendumak

Donetsk eta Lugansk eskualdeetako galdeketetako parte hartzeak % 70a gainditu du. Lehenengoaren kasuan, gainera, independentziaren aldeko botoa eman du % 90kek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albiste zirraragarriak Ukraina Errusia bideoak Albisteak Gaur Gaurko azken orduko albistea Errusia-Ukraina gerra gaur