Mundua -
Agintari federalisten arabera
% 90ak independentziaren aldeko botoa eman du Donetsken eta Lugansken
Donetsk eta Lugansk eskualdeetako galdeketetako parte hartzeak % 70a gainditu du. Nazioartearen babesik gabe egin dira galdeketak.
Erredakzioa
Donetseko eta Luganskeko galdeketetan parte hartu dutenen % 90 inguruk independentziaren aldeko botoa eman du, Roman Liaguin eskualde horretako errusiazaleen hauteskunde batzordeko buruak azaldu duenez.
Prentsaurreko batean, Liaguinek esan du Donetsken % 89,7k independentziaren alde egin duela, % 10,9k aurka eta % 0,74 nuloak izan direla.
Donetsk eta Lugansk eskualdeetako galdeketetako parte hartzeak % 70a gainditu du, bi lurraldeak kontrolatzen dituzten agintari federalisten iragarri dutenaren arabera.
Zehazki, Donetsken parte hartzea % 71,4koa izan da, eta Lugansken, % 79koa.
Izen bereko hiriburuei dagokienez, Donetsken % 80k parte hartu du, eta % 76k, Lugansken.
Alexandr Malijin Lugansk eskualdeko errusiazaleen buruak azaldun duenez hauteslekuen % 80 zabaltzea lortu dute. Iparraldean ez dute hauteslekuak irekitzea lortu, izan ere, Ukrainako Guardia Nazionalak bozka txartelak garraiatzen zituen ibilgailuen sarrera eragotzi du.
Lugansk-en ere, independentziaren alde
Hautesleriaren % 94-98k Ukrainaren independentziaren aldeko botoa eman zuen Lugansk-en egindako galdeketan.
Bere buruari "Lugansken herri errepublika" deitutakoaren hauteskunde batzordeak plazaratu ditu datuok, eskualdeko 32 barrutietatik 28etan zenbaketa burutu eta gero.
EBk ez ditu emaitzak onartuko
Ukraina ekialdeko Donets eta Lujansk eskualdeetan egin diren erreferendumak "legez kanpokoak" direla esan du Europar Batasunak eta emaitzak onartuko ez dituztela aurreratu du.
"Alde guztiek babesa behar dute maiatzaren 25eko presidentetzarako hauteskundeak askatasunarekin egin eta bidezkoak izan daitezen, krisiari aurre egiteko eta ukrainarrek euren etorkizuna erabakitzeko", azaldu du Catherine Ashton bozeramaileak.
Horrez gain, "Elkarrizketa Nazionalaren baitan, eskualde guztiei babesteko lanean jarraitzea" eskatu dio Ukrainako Gobernuari.
Europar Batasuneko Kanpo Arazoetarako ministroak, gainera, astelehen honetan bilduko dira Ukrainako krisiari, eta Donetsk et Lugansk eskualdeetako galdeketei buruz eztabaidatzeko. Halaber, zigortutako ukrainar eta errusiar agintariek osatutako zerrendaren luzapena izango dute hizpide eta, lehen aldiz, Krimean konfiskatutako enpresei buruz hitz egingo dute.
Tropa okupatzaileak
Denis Pushilin Donetseko errusiazaleen buruak adierazi duenez, erreferendumaren ostean Ukrainako indar militarrak "legez kanpokotzat" eta "okupatzailetzat" joko dituztela. Gainera, Kievekiko independenteak izango diren agintari zibil eta militar berriak izendatuko dituzte.
Lasaitasuna nagusi
Galdeketa eguna Ukrainako Armadaren eta errusiazaleen arteko liskarrekin hasi bada ere, lasaitasuna izan da nagusi erreferendum egun honetan. Hala ere, egunaren amaieran, Interfax albiste agentziak jakin arazi duenez, Donetskeko herri batean hildako bat izan da, tiroketa batean, eta Luganskeko herri batean hainbat pertsona zauritu dira Ukrainako armadaren tankeei aurre egiten ahalegindu direnean.
Donetsk eskualdeko Slaviansk hirian 08:00etan hauteslekuak ireki dituztenean, tiroketak izan dira hiriaren kanpoaldean. Antza denez, borroka gogorrenak errusiazaleen kontrolpean dagoen Konbikorm fabrikaren inguruetan izan dira. Hainbat lekukoren arabera, hainbat leherketa ere izan dira toki horretan.
Beste zenbait iturriren arabera, berriz, Slaviansk hiriko hauteslekuak garaiz ireki dituzte, eta ezerk ez die eragotzi herritarrei bozkatzera joatea.
Bestalde, Donetsk hirian giroa lasaia dela baieztatu diote hainbat iturrik EFE albiste agentziari. Hala ere, Donetsk hiriko kuartel nagusia alerta egoeran izan da, Ukrainako militarren eraso baten beldur. Donetskeko hainbat hautesleku atzerapenarekin ireki dituzte, eta herritarrek 40 minutu inguru itxaron behar izan dute bozkatzeko.
Hauteslekuak, Moskun
Milaka ukrainar gertutatu dira Moskun, Kiev Geltokian, ireki duten hauteslekura ere.