Mundua -
Tentsioak, gora
Derrigorrezko zerbitzu militarra ezarri dute Ukrainan
Manifestari errusiazaleek Donetskeko Fiskaltzaren egoitza hartu dute indarrez.
Erredakzioa
Alexandr Turtxinov Ukrainako jarduneko presidenteak derrigorrezko zerbitzu militarra ezarri du dekretuz, Errusiarekin dagoen tentsioa gora egiten ari delako.
Dekretu horren arabera, lehenengo deia aurten bertan izango da eta 18 eta 25 urte arteko gizonezkoei eragingo die.
Liskarrak Donetsken
Errusiaren aldeko manifestariek Fiskaltzaren egoitza hartu dute Donetsken, Ukraina hego-ekialdean.
Ekintzaileek, ordea, beste leku batzuetan ez bezala, indar armatuen gas negar-eragileari eta beste arma batzuei aurre egin behar izan diete.
Manifestariek indarrez hartu dute eraikina, harriak poliziei jaurtiz. Gainera, indar armatuetako kideei kaskoak, ezkutuak eta borrak kendu dizkiete.
Donetsk industria gune handia da, milioi bat biztanle ditu, eta errusiazaleak oso indartsu egin dira bertan.
Errusiazaleek Donetskeko Errepublika Popularra aldarrikatu dute, eta erreferenduma deitu dute maiatzaren 11rako.
Ukraina ekialdeko dozena bat hiritan ere eraikin ofizialak hartzen ari dira Errusiaren aldekoak.
Errusiaren oharra Ukrainari
Moskuk ohartarazi du ekintzaile errusiazaleen kontrako operazio militar batek ondorio latzak izango lituzkeela Ukrainarentzat.
Slaviansken, errebeldeek libre utzi dituzte atxikita zituzten hiru ofizialetako bi.
Bien bitartean, Ukrainako segurtasun zerbitzuak Errusiako enbaxadako langile bat atxilotu du, espioitza leporatuta.