Mundua -

Ukrainako Krisia

Errusiaren aurkako zigor gehiago iragarri dituzte AEBek

Errusiako Gobernuko zazpi kideren kontrako neurriak dira, eta baita Putinekin loturak dituzten 17 enpresaren aurkakoak ere. AEBen zigor "nazkagarriei" erantzungo diela ohartarazi du Moskuk.

Errusiazale armatuak Konstantinovkan. Argazkia: EFE
Errusiazale armatuak Konstantinovkan. Argazkia: EFE
Errusiazale armatuak Konstantinovkan. Argazkia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Errusiako herritarren eta entitateen aurkako zigor "selektibo" berriak iragarri ditu gaur AEBetako Gobernuak. Era berean, zenbait esportaziori murrizketak ezarriko dizkietela azaldu dute.

Jay Carney Etxe Zuriko bozeramaileak agiri batean azaldu duenez, neurriak Errusiako Gobernuko zazpi kideren kontrakoak izango dira, "Putin presidentearekin lotura estua duten bi kargudun barne", eta baita buruzagiarekin loturak dituzten 17 enpresaren aurkakoak ere.

Igor Sechin Rosneft petrolio-enpresako presidentea eta Sergei Chemezov Rosteceko zuzendari nagusia dira Putinekin lotura estua duten bi kargudunak, AEBetako goi-kargudun batek kazetariei jakitera eman dienez.

Dmitri Kozak Errusiako lehen ministrordea, Aleksei Pushkov Errusiako Parlamentuaren Kanpo Harremanetarako Batzordearen presidentea eta Oleg Evgenyevich Belavencev Errusiako ordezkaria Krimean, zigortuko dituzte AEBek.

Konpainia guztiek Putinen "inguruan" dauden hiru enpresabururekin loturak dituzte. Gennady Timchenko eta Boris eta Arkadi Rotenberg anaiak dira, eta martxoaren 20an zigortu zituen Washingtonek dagoeneko.

Era berean, ondasunak izoztu eta EB sartzeko bisak debekatu dizkie Europar Batasunak beste 15 pertsonari, Bruselako iturriek jakitera eman dutenez.

Zigor "nazkagarriak"

Bestalde, AEBen zigor "nazkagarriei" erantzungo diela ohartarazi du Errusiak. "Erantzungo diegu, noski. Erantzuna emateko aukera dagoela ez dugu sekula ezkutatu. Neurri zabalak hartuko ditugu", adierazi du Serguei Riabkov Errusiako Atzerri ministrordeak Interfax albiste-agentzian.

Errusiaren erantzunak "Washingtoni kalte" egingo diola ohartarazi du Riabkovek. "Errusiarekin zigorren hizkuntzaren bidez hitz egiteko eskubiderik ez du inork. Ultimatumak beraien aurka bihurtuko dira", mehatxatu du.

Begirale bat, aske

Errusiazaleek bahitutako begiraleetako bat aske utzi dutela berretsi du Europako Segurtasun eta Kooperazio Erakundeak.

Separatistek azaldu dutenez, atera den atxilotua (sueziarra) osasun arazoengatik utzi dute aske, baina ez dute igande honetan begirale gehiago aske uzteko asmorik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak 2024 Ukraina gaur Ameriketako Estatu Batuak argazkiak Errusia bideoak Eguneko albisteak Eguneko albisteak Errusia-Ukraina gerra azken ordukoa