Mundua -

Gatazka Ukrainan

Ukraina: 'Errusiak hirugarren mundu gerra hasi nahi du'

Kieveko Gobernuak esan du inbasiotzat joko lukeela tropa errusiarrak Ukrainian sartzea. Hala bada, "erasotzaileak suntsitu egingo ditugu", ohartarazi dute.

Militar bat familiarekin, Errusiaren aldeko matxinoak babesteko manifestazio batean. EFE
Militar bat familiarekin, Errusiaren aldeko matxinoak babesteko manifestazio batean.
Militar bat familiarekin, Errusiaren aldeko matxinoak babesteko manifestazio batean. EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Arseni Yatseniuk lehen ministro ukrainarrak esan du Errusiak mundu gerra berri bat hasi nahi duela, Ukraina "militarki eta politikoki okupatuta".

"Ukrainan gatazka militarra sortzen bada, gatazka militar hori Europara zabalduko da", nabarmendu du telebista bidez emititutako agerraldi batean.

"Munduak ez du Bigarren Mundu Gerra ahaztu, baina Errusiak jada Hirugarren Mundu Gerra hasi nahi du", erantsi du.

"Mosku gangsterren antzera jokatzen ari da, terroristei babesa eman da. Argi dago Errusiaren helburua Ukrainako hauteskundeetan eragitea dela, Ukrainaren eta mendebaldearen aldeko gobernua suntsitzea eta Ukraina militarki eta politikoki okupatzea", salatu du.

Gauzak horrela, Ukrainako Gobernuak esan du tropa errusiarrak bere lurraldean sartuz gero, inbasiotzat hartuko duela eta "erasotzaileak suntsitu" egingo dituela.

Aurretik, Mijailo Koval Defentsa ministro ukrainarrak jakinarazi du tropa errusiarrak Ukrainako mugatik kilometro batera hurbildu direla, baina soldadu ukrainarrak "edozein erasori aurre egiteko prest" daudela.

Slaviansk, inguratuta

Bestalde, Ukrainako segurtasun indarrek Errusiaren aldeko matxinoek aurkako operazioarekin aurrera jarraitzen dute eta Slaviansk inguratuta daukate.

"Helburua Slaviansk blokaetzea da", esan du Ukrainiako Presidentetza administrazioko buruzagi Seguei Pashinskik.

Gaur goizean Arsen Avakov Barne ministro ukrainarrak azpimarratu du "Errusiak inbasio-mehatxua egin arren, terrorismoaren aurkako operazioa" ez dutela bertan behera utzi.

"Terrorismoaren kontrako operazioak aurrera jarraitzen du. Terroristak eguneko 24 orduetan adi egotera behartuko ditugu. Herritarrak, baina, lasai egon daitezke", erantsi du.

Errusiaren abisua

Bestalde, Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroak esan du Ukrainako Gobernuak hasitako operazio militarra "krimen odoltsu bat" dela eta agintari ukrainarrak auzitara eramango dituztela.

"Kiev bere herriaren kontrako gerra egiten ari da. Hori krimen odoltsua da eta Ukrainako Armada horretara bultzatu zutenek egindakoa ordainduko dute eta auzitegi batean azalpenak eman beharko dituzte", adierazi du Moskun egindako ekitaldi batean.

Horrez gain, joan den astean Genevan Ukrainako egoerari buruz erdietsitako akordio diplomatikoa aldatu nahi izatea leporatu die AEBei, Errusiako Gobernuari baldintza berriak ezartzea proposatzeagatik.

Ildo horretan, John Kerry AEBetako Estatu idazkariak salatu du Moskuk ez duela urratsik eman aipatu hitzarmena betetzeko eta, ondorioz, Errusiak bere jarrera aldatzeko "denbora agortzen" ari dela ohartarazi du. "Washington prest dago isun berriak ezartzeko", nabarmendu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Zer gertatzen ari da munduan? Ukraina azken orduko Errusia bideoak Gaurko titularrak Gaurko azken orduko albistea Errusia-Ukraina gerra azken ordukoa