Mundua -

Ukrainako krisia

Kerry:'Errusiak norabidea aldatu behar du, eta epea agortzen ari zaio'

Ukrainako agintariek ukatu egin dute Sloviansk hirian "terrorismoaren kontra aurrera daramaten operazioa" bertan behera utzi dutela, Errusiako soldaduen inbasio arriskua arrisku.

John Kerry AEBetako Estatu idazkaria. Argazkia: Efe
John Kerry AEBetako Estatu idazkaria. Argazkia: Efe
Kerry: 'Ekiteko prest gaude' (jatorrizkoa ingelesez)

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

John Kerry AEBko Estatu idazkariak salatu du Errusiak ez duela "pauso bakar bat ere eman" Genevan egindako ituna betetzeko, eta Moskuri ohartarazi dio "norabidea aldatzeko denbora agortzen" ari zaiola. eta Washingtonek "prest" dituela isun gehiago.

"Errusiari agortzen ari zaio norabidea aldatzeko epea. Ekiteko prest gaude", adierazi du Kerryk Estatu Departamentuaren egoitzatik.

Buruzagi estatubatuarrak gogor kritikatu du Errusiaren jarrera, Genevan ituna sinatu eta astebetera "Ukraina saboteatzeko ahalegin handiak" egiten ari delakoan.

Errusiako Gobernuak Ukrainako mugan maniobra militarrak egingo dituela iragarri eta ordu batzuetara, Kerryk ohartarazi du "Errusiak norabide horretan jarraitzen badu, akats larria bakarrik ez, akats garestia" ere izango dela.

"Putin presidenteak eta Errusiak erabakia hartu beharko dute. Errusiak tentsioa baretzearen aldeko hautua egiten badu, denok ospatuko dugu. Baina horren alde egiten ez badu, munduak ondo ziurtatuko du Errusiak larrutik ordaintzen duela hartutako erabakia", gaineratu du.

"Zazpi egun hauetan, Errusiak uko egin dio norabide zuzenean pauso zehatzak emateari", adierazi du Kerryk. "Errusiako funtzionario bat bera ere ez da agertu Ukrainako telebistan separatista errusiazaleei Genevako ituna babesteko eta armak uzteko eskatzen".

48 orduko epea

Europako Segurtasun eta Lankidetzarako Erakundearen bitartekaritzarekin lortutako akordioak gogorarazi ditu Ukrainako Atzerri Ministerioak, eta mugako maniobrak azaltzeko 48 orduko ultimatuma eman dio Moskuri, Errusiako Defentsa Ministerioak egindako iragarpenari erantzunez.

Ukrainako mugatik gertu maniobra militarrak hasi behar zituela iragarri du Moskuk, eta tentsioak gora egin du ekialdean.

Gai horren harira, Arsen Avakov Ukrainako Barne ministroak ukatu egin du herrialdearen hego-ekialdean abian jarri zuten "terrorismoaren kontrako operazioa" bertan behera utzi dutela, Errusiak mugan maniobra militarrak egiteko asmoa zuela iragarri ostean.

"Ez dugu ezer bertan behera utzi Errusiaren inbasio militarraren mehatxuaren ondoren, nahiz eta hedabideek hori zabaldu. Hori ez da egia", idatzi du Avakovek Facebooken.

Barne ministroak azpimarratu du operazioak bere horretan jarraitzen duela: "Terroristek kontuz ibili beharko dute eguneko 24 orduetan. Herritar zibilek, ordea, ez dute zertan beldurrik izan".

"Ez dugu indarra disidentziaren kontra erabiltzen. Gogortasuna eta indarra terrorismo armatuen aurrean soilik erabiltzen dugu", azaldu du agintari ukrainarrak.

Bestetik, Sergei Shoigu Errusiako Defentsa ministroak Ukrainako mugan maniobra militarrak egiten hasteko asmoa erakutsi du. Maniobra hauek, Ukrainako Armadak milizia errusiazaleen aurkako operazioan bost hildako eragin ostean hastea erabaki du.

"Mehatxuak"

"Xantaia" eta "mehatxuak" bertan behera uzteko eskatu dio gaur Oleksandr Turtxynov Ukrainako presidenteak Errusiari. Horrela, tropak mugatik kentzeko eskatu dio Ukrainako presidenteak Moskuri.

Errusiak maniobra militarrak hasi ditu Ukrainako mugatik gertu eta tentsioak gora egin du. Tropen "kontzentrazioa" gaitzetsi du Turtxynovek.

"Mehatxu terroristen aurrean ez dugu etsiko eta herritarren bizitza babesteko neurriak hartzen jarraituko dugu", defendatu du buruzagiak. "Axola ez zaizkion barne arazoetan eskua ez sartzeko" eskatu dio Kievek Moskuri.

Egoera "leherkorra"

Ukrainako egoera "ezegonkorra" eta "leherkorra" dela ohartarazi du Danylo Lubkivsky Ukrainako Atzerri ministrordeak Washingtonen. Errusiaren "eraso lotsagarriaren" biktimak direla ziurtatu du.

Bestalde, Kieven eta NATOren "makineria militarrari" erantzuteko maniobra berriak egin dituela azaldu du Moskuk.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Egungo berriak Ukraina Ameriketako Estatu Batuak albisteak Errusia bideoak Gaurko titularrak Gaurko azken orduko albistea Errusia-Ukraina gerra