Mundua -

Krisia Ukrainan

Ukrainak bost 'terrorista’ errusiazale hil ditu Slaviansken

Putinek ohartarazi du horrelako operazioek ondorioak izango dituztela bai agindu dituztenengan, bai Errusiaren eta Ukrainaren arteko harremanetan. Obamak isun gehiagorekin mehatxu egin du.

Errusiazaleen tankeak Slaviansken. Argazkia: Efe
Errusiazaleen tankeak Slaviansken.
Errusiazaleen tankeak Slaviansken. Argazkia: Efe

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ukrainako Barne Ministerioak jakitera eman duenez, "bost terrorista" hil dituzte Ukraina hego-ñekialdean egin duten polizia operazio berezi batean.

"Borroka armatuan bost terrorista hil dira", adierazi du Barne Ministerioak webgunean zintzilikatutako oharrean.

Ohar horretan azaldu dutenez, Ukrainako Indar Armatuek "legez kanpoko talde armatu" errusiazaleek Slaviansk ipar-ekialdean jarritako hiru kontrolgune suntsitu dituzte.

Slavianskek 120.000 biztanle inguru ditu, eta Kieven kontra dauden errusiazaleen bilgunea da.

Putinek ondorioez ohartarazi du

Vladimir Putin Errusiako presidenteak ohartarazi du Ukrainako agintariak herrialdearen hego-ekialdeko herritarren kontra egiten ari diren operazioek ondorioak izango dituztela bai agindu dituztenentzat, bai Errusiaren eta Ukrainaren arteko harremanentzat.

"Operazioak ondorioak izango ditu, noski, erabakia hartu dutenentzat, baita bi estatuen arteko harremanetan ere", adierazi du Putinek Slavianskeko operazioaren harira.

Kremlinen buruak azpimarratu duenez, "Kieveko egungo erregimenak Armada herritarren kontra erabiltzen badu, herritarren kontrako oso krimen larria litzateke".

Errusiaren gaitzespena

Andrei Kelin Europako Lankidetza eta Segurtasunerako Erakundeko enbaxadoreak salatu du gaurko operazioa Genevako akordioaren kontra doala.

"Erabat urratzen du Geneveko akordioa, lehenengo baldintza indarkeria baztertzea baita", adierazi du Kelinek Vienatik.

Obamaren mehatxua

Barack Obama AEBko presidenteak ostegun honetan iragarri duenez, Errusiak joan den astean Ukrainako tentsioa baretzeko Genevan lortu zuten akordioa betetzen ez badu, zigor gehiago izango dira.

"Orain arte, behintzat, ez dugu ikusi Errusiak Genevako akordioari men egin dionik", esan du Obamak prentsaurrekoan, Shinzo Abe Japoniako lehen ministroarekin bilera izan ostean. "Zigor gehiago ezartzeko aukera izan litekeela uste dugu", gaineratu du.

Obamaren ustez, Errusiak jarrera aldatuko balu, zigor gehiago ekidingo lituzke, baina "orain arte, ez dirudi horrela egingo duenik".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioarteko azken orduko berriak Ukraina azken orduko Errusia bideoak Eguneko albisteak Eguneko albisteak Errusia-Ukraina gerra gaur