Mundua -
Genevako akordioaren ondoren
Ukraina ekialdetik armada ateratzeko eskatu dio Janukovitxek Kievi
Bien bitartean, Joe Biden AEBko presidenteordea Ukrainara heldu da, Genevan adostutakoei bultzada emateko asmoz.
Erredakzioa
Viktor Janukovitxek Armada eta Guardia Nazionala Ukraina ekialdetik ahalik eta lasterren ateratzeko eskaera egin dio Kieveko Gobernuari. Era berean, errusiazaleekin elkarrizketak hasteko deia egin dio.
Hau da Janukovitxek Kieveko buruzagiei egin dien lehen eskaera, elkarrizketa baketsu bat hasteko zain.
“Odol gehiago isurtzen ari zarete. Odola ez da ezabatzen. Gelditu! Jendea minduta dago. Milioika laguni terrorista deitu diezue, eta euren eskubideak defendatu besterik ez dute egin”, esan du Janukovitxek.
Ukrainaren federalismoaren eta eskumenen inguruan eskualde bakoitzak galdeketa egiteko eskubidea izan behar duela azpimarratu du Ukrainako presidente ohiak.
Joe Biden Ukrainara heldu da
Joe Biden AEBko presidenteordea Ukrainara heldu den egunean egin ditu adierazpen horiek Janukovitxek. Genevan adostutakoei bultzada emateko asmoz joan da Biden Ukrainara.
Aleksandr Turtxinovekin eta Arseni Jatseniuken bilduko da asteartean Biden, eta herrialdeak bizi duen egoera izango dute aztergai.
Konstituzioaren erreforman eta administrazioaren deszentralizazioan emandako pausoak ere aztertuko dituzte, baita Ukrainako ekonomiaren berregituraketa ere.
AEBko Estatu Departamentuak gaur bertan ohartarazi dio Moskuri, Genevako akordioak bete ezean, ondorioak izango direla.
Errusiazaleak armak uztera bultzatzeko konpromisoa hartu du Errusiak, baita herrialdearen ekialdeko erakunde publikoetatik milizianoak ateratzeko konpromisoa ere. Ez da, ordea, horrelakorik izan.
Kievek Genevako akordioak ez dituela bete dio Lavrovek
Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroak gaur adierazi duenez, “Kieveko Gobernuak ez ditu Genevako akordioak bete”.
“Akordioa ez betetzeaz gain, boterean daudenek behin eta berriz urratzen dituzte horiek”, adierazi du.
“Kieveko Gobernuak behin eta berriz esan du errusiazaleek ez dituztela erakunde publikoak utzi, baina Ukrainako agintariek ez dute ezer egin krisi honen arrazoiak konpontzeko”, amaitu du.