Mundua -

Krisia

Bost hildako Ukrainako ekialdean, kontrolgune baten aurkako erasoan

Errusiazaleek eta Moskuk Ukrainako muturreko eskuindarrei leporatu diete Slaviansken izandako erasoa. Ukrainako Gobernuaren ustez, ordea, Errusiako indar bereziak daude guztiaren atzean.

Argazkia: EFE.
Argazkia: EFE.
Argazkia: EFE.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gutxienez bost lagun hil dira goizalde honetan Ukrainan, errusiazaleen kontrolgune batean jazotako erasoan. Slaviansk hiri matxinatuaren kanpoaldean gertatu da, Donetsk ekialdeko lurraldean. Hor dago, hain zuzen ere, Kieven aurkako altxamenduaren muina.

"Slavianskeko hiru bizilagun hil dituzte hiriaren iparraldean ezarritako kontrolgune batean izandako erasoan. Beste lagun bat larri dago, eta ospitalera eraman dute", adierazi du Vesti telebista kateak. Horrez gain, erasotzaileetako bi ere hil omen dira: "Talde armatu bat bi kotxetan heldu da, eta handik tiroka hasi dira. Autodefentsako miliziarrak oso azkar heldu dira erasoaren lekura, eta bi erasotzaile hil dituzte".

Iturri horrek berorrek adierazi duenez, autodefentsako miliziek bi auto atzeman dituzte, eta barruan Eskuineko talde ultranazionalisten sinbologia aurkitu dute. Hain zuzen ere, talde horrek otsailean Viktor Janukovitx agintetik botatzea ekarri zuten Kieveko istiluetan parte hartu zuen. Ukrainako Armadarenak ez diren armak eta lehergailuak ere topatu omen dituzte, baita gauez ikusteko tresneria ere, Estatu Batuetan egindakoa.

Matxinatuen esanetan, errebeldeek eta segurtasun indarrek Pazko ortodoxoa dela-eta ezarritako tregua hautsi du eraso honek. "Ekintza hau probokaziotzat jotzen dugu, eta, hortaz, tregua hautsi da" esan dio matxinoen bozeramaile batek  RIA-Nóvosti agentzia errusiarrari.

Slavianskeko gertaera 'antzeztea' egotzi dio Ukrainak Errusiari

Ukrainako Zerbitzu Sekretuak (SBU) eta Poliziak Slaviansk hiriko gertaera "antzeztea" egotzi diote Errusiari. Ukrainako Zerbitzu Sekretuak ohar bat kaleratu du, eta gertaera "antzeztutako erasotzat" jo du.

"Ustez erasoa izan den tokian saboteatzaileak eta Errusiako inteligentzia militarrak (GRU) babestutako gaizkileak bakarrik zeuden, ez zegoen beste inor", adierazi dute Ukrainako Zerbitzu Sekretutik.

Bestalde, Ukrainako Barne Ministerioak esan du ezinezkoa dela Slaviansk hirian poliziak egotea, hiria errusiazaleen kontrolpean baitago. Halaber, 3 hildako izan direla baieztatu du, eta guztia errusiarren muntaia izan den susmoa agertu du.

Nazionalista ukrainarrek Slavianskeko tiroketaren atzean egotea egotzi diete Errusiako indar bereziei

Eskuineko talde nazionalista ukrainarrak Slaviansk hiriko tiroketan parte hartu izana ukatu du, eta Errusiako indar bereziei egotzi die tiroketaren ardura.

"Errusiaren probokazio bat izan da, eta argi eta garbi Errusiako indar berezien kontua izan da", adierazi dio Eskuineko talde nazionalistako Artem Skoropadskik Reuters albiste agentziari.

Errusiako Gobernuak tiroketa gaitzetsi du eta nazionalista ukrainarrak egin ditu tiroketaren erantzule. "Errusia haserre dago, eta ekintza horrek garbi erakusten du Kieveko Gobernuak ez duela nazionalistak armagabetzeko borondaterik", kaleratu du ohar batean Errusiako Atzerri Ministerioak.

Slaviansk hiriko alkate 'matxinoak' soldaduak bidaltzeko eskatu dio Errusiari

Ukraina ekialdean bakea ezartzeko, Donetsk eta Lugansk eskualdeetara indarrak bidaltzeko eskatu dio Slaviansk hiriaren agintaritza hartu duen Viatxeslav Ponomariov alkate "matxinoak" Vladimir Putin Errusiako presidenteari.

Ponomarioven  iritziz, "Errusiak soilik babestu ditzake errusiazaleak Kievek bidalitako talde ultranazionalisten erasoetatik".

Biden asteartean helduko da Kievera

Joe Biden Estatu Batuetako presidenteordea asteartean helduko da Kievera, Ukrainako agintariei bere babesa erakusteko. Halaber, Errusia bere konpromisoa betetzen ari den eta Ukraina hego-ekialdean zabalduta dauden milizia Errusia zaleak desegiten ari den aztertuko du.

John Kerry Estatu idazkariak martxoan egindako bisitan bezala, AEBk Ukrainako herriari bere babesa erakusteko asmoa du orain ere.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Ukraina azken orduko Errusia berriak Albisteak Gaur Gaurko azken ordukoa Errusia-Ukraina gerra gaur Biden azken ordukoa