Mundua -

Krisia Ukrainan

Genevako akordioa gauzatzeko pausoak iragarri ditu Ukrainak

Terrorismoaren kontrako operazioa eten eta Konstituzioaren erreformari buruzko eztabaida abiatuko duela iragarri ditu Ukrainako Gobernuak.

Argazkia: EFE.
Argazkia: EFE.
AEBetatik Errusiari presioa egiten ari dira, Genevakoa bete ditzan

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Genevako akordioa gauzatzeko lehen pausoak eman dituela iragarri du larunbat honetan Ukrainako Gobernuak, izan ere, terrorismoaren kontrako operazioa bertan behera uztea eta Konstituzioaren erreformari buruzko eztabaida abiatzea erabaki du. "Ukraina ekialdean indarkeria areagotu ez dadin lan egiteko eskatzen diegu Genevako akordioa sinatu duten aldeei", adierazi du Ukrainako Gobernuak agiri batean.

Ortodoxoen Pazko jaiak irauten duen bitartean, Terrorismoaren kontrako operazio guztiak etetea erabaki dute Ukrainako Segurtasun Zerbitzuek.

Bestalde, Ukrainako Gobernuak urriaren 1era bitarteko epea zabaldu du Konstituzioa aldatzeko proposamenak jasotzeko. Helburua botere betearazlea deszentralizatzea da, eta hori da hain zuzen ere Errusiaren aldekoek eskatzen dutena.

Amnistia proiektu bat prestatzen ari da, gainera, Ukrainako Gobernua. Armak entregatzen dituztenei eta okupatutako eraikin ofizialak husten dituzten horiei aplikatuko die. Delitu larriak egin dituzten errusiazaleek, ordea,  ez dute amnistiarik izango.

Ostiralean, Andrei Desxitsa Ukrainako Atzerri ministroa Europako Segurtasun eta Kooperazio Erakundeko ordezkariekin batzartu zen Kieven, erakunde horrek izango baitu Genevako akordioa ezartzen dela bermatzeko ardura.

Ukrainak, Errusiak, AEBk eta Europar Batasunak Ukrainako krisiari aurre egiteko akordioa lortu zuten Genevan, eta adostutakoaren arabera, errusiazaleek eraikin ofizialak utzi eta armak entregatu behar dituzte.

Moskuk akordioa gauzatzeko lan egitea zin egin zuen. Baina errusiazaleek jarraitzen dute Donetsk hiriko udaletxea eta Slaviansk eta Kramatorsk hirietako eraikin ofizialak okupatzen.

Ukrainako mugara tropa gehiago bidali dituela onartu du Errusiak

Ukrainako egoera tarteko, mugara tropa gehiago bidali dituztela adierazi du Errusiako Gobernuko ordezkari batek. Ezegonkortasuna inguruko lurretara ez zabaltzeko hartu dutela neurria azaldu du, eta azpimarratu du ez dutela asmorik Ukrainan esku hartzeko.

"Ukrainako mugan militarrak dauzkagu. Horietako batzuek bertan dute kanpaleku iraunkorra, eta beste zenbait errefortzu gisara heldu dira”, esan du Dimitri Peskov bozeramaileak Rossiya telebista kateari eskainitako elkarrizketan.

"Ukrainan estatu kolpe bat izan da, eta normala da edozein herrialdek bere segurtasuna bermatzeko neurriak hartzea", gaineratu du.

AEBk tropak zabalduko dituzte Polonian, Ukrainako krisia dela eta

Estatu Batuek lurreko indarrak zabalduko dituzte Polonian, Ukrainan jazotako gertaerei erantzun ahal izateko, Washington Postek larunbat honetan aurreratu duenez. Tomasz Siemoniak Poloniako Defentsa ministroak baieztatu dio informazioa egunkariari, ostegunean Chuck Hagel Defentsako idazkariarekin bildu ondoren. Pentagonoak, dena den, ez du oraingoz adierazpen ofizialik egin.

"Hagel idazkariak argi utzi duenez, Ipar Atlantikoko Tratatuaren Erakundearen aliatuak lasaitzeko moduaren bila jarraitzen dugu, argi erakusteko defentsa kolektiboarekiko konpromisoa beteko dugula, tratatuaren 5. artikuluan aipatuta dagoenez", esan du John Kirby AEBko Defentsa Departamentuaren bozeramaileak. "Bi de horretan, zenbait neurri gehigarri aztertzen ari gara, Europako lur, itsas eta aireko indarrak sendotzeko. Neurri horietako batzuk modu bilateralean eramango ditugu aurrera Erakundeko herrialde batzuekin; beste batzuk, aldiz, Erakundeak bere osotasunean bultzatuko ditu", esan du Kirbyk. Hala ere, eta bozeramailearen arabera, Pentagonoak ez du une honetan adierazpenik egiteko.

Poloniaren betebeharra, "liderrarena"

Siemoniakek Washington Post egunkariari azaldu dionez, erabakia arlo politikoan hartu da, eta planifikatzaile militarrak orain xehetasunak aztertzen ari dira, arlo batzuetan elkarlana indartzeko: aireko defentsan, indar berezietan eta ziberdefentsan, besteak beste. " Poloniak liderraren papera jokatuko du eremu horretan, AEBren babespean", adierazi du.

Defentsa ministroak gaineratu du, garrantzitsuagoa dela NATOk Europako eta Estatu Batuetako defentsan epe luzerako aldaketak gauzatzea, Errusiak Ukrainaren kontra jo duen erasoari berehala erantzutea baino. Siemoniaren esanetan, Washingtonek Europan jarri beharko luke arreta, Asian baino gehiago.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Zer gertatzen da munduan? Ukraina Ameriketako Estatu Batuak argazkiak Errusia berriak Eguneko albisteak Eguneko albisteak Errusia-Ukraina gerra