Mundua -

Ukraina

Errusia zaleek ez diote jaramonik egin Genevako akordioari

Denis Pushilin liderrak prentsaurrekoa eskaini du Donetsken. Adierazi duenez, “ez dituzte eraikin publikoak utziko, Kieveko Gobernuak beste horrenbeste egin arte”.

Errusiar zaleek ez diote jaramonik egin Genevako akordioari. Argazkia: EFE
Errusiar zaleek ez diote jaramonik egin Genevako akordioari EFE
Errusiazale matxinoek bizkarra eman diote Genevan adostutakoari

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Donetskeko Errepublika Popularreko buruak, Denis Pushilinek, gaur adierazi duenez, “bere gizonek ez dute beteko Ukrainak, Errusiak, Europar Batasunak eta Ameriketako Estatu Batuek Genevan adostutako akordioa, eta eskualdearen autonomiaren alde borrokan jarraituko dute”.

Errusiaren aldeko manifestari eta ekintzaile armatuek hartuta dituzte Ukraina ekialdeko hainbat eraikin publiko, eta diotenez, emandako arrazoiak ez dira nahikoa eta “argudio gehiago behar dituzte Genevako akordioa betetzeko”.

Ostegunean Errusiak, AEBk, Europar Batasunak eta Ukrainak Genevan zehaztutako akordioak itxaropen-izpi bat ekarri du gatazka honetan, eta azken asteetan Ukrainan izan den egoerari konponbidea eman diezaiokeela uste da. Izan ere, istiluek asko gaiztotu dituzte Mendebaldearen eta Errusiaren arteko harremanak, eta hainbat hildako izan dira azken egunetan.

Dena dela, harridura ere eragin du akordio batera heltzeak, eta ez dago argi zerk aldatu duen Kremlinen iritzia, kontuan izanda orain gutxira arte Errusiako Gobernua ez zegoela prest milizien armagabetzean parte hartzeko.

Ez dirudi erraza, ordea, akordioa gauzatzea. Konfiantza falta handia dago Errusiaren aldekoen eta Kieveko Gobernuaren artean.

Bien bitartean, Kieven, Independentzia plazan dauden manifestariak argi utzi dute ez dituztela kenduko barrikadak maiatzaren 25eko hauteskundeak egin bitartean. Errusia zaleek Ukraina ekialdeko hamar hiritako hainbat eraikin publiko euren esku dituzte.

Ondorioak izango direla dio AEBk

Bien bitartean, AEBk baieztatu du Errusiak Genevan adostutako akordioa ezartzen ez badu, eta Ukraina ekialdeko hainbat hiritako eraikin ofizialetan dauden Errusia zaleak ateratzen ez baditu, Moskuk ondorioak jasango dituela.

“Datozen egunetan ikusi beharko dugu akordioan adostutakoa betetzen den ala ez. Eta Errusiak hartu beharreko erabakiak hartzen ez baditu, ondorioak izango ditu”, zehaztu du Jen Psaki Estatu bozeramaileak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaurko azken minutuko albisteak Ukraina Errusia albisteak Albisteak Gaur Gaurko azken ordukoa Errusia-Ukraina gerra