Mundua -
Siciliako uhartea
596 etorkin erreskatatu dituzte, tartean 62 adingabe, Lampedusan
Erreskatatutakoek Siriatik, Palestinatik eta Eritreatik datozela esan dute.
Erredakzioa
Italiako Itsas Armadak 596 etorkin erreskatatu ditu azken orduotan, horien artean 103 emakumezko eta 62 adingabe, Lampedusako uretan, zenbait txalupatan zihoazela.
Horren arabera, Mare Nostrum operazioko hainbat itsasontzi bidali dituzte inguru horretara. Operazioa urrian sortu zuten, ehunka etorkin hil ostean.
'Grecale' fragatako kideek 323 etorkin erreskatatu dituzte, eta Siriakoak eta Palestinakoak direla adierazi dute. Ingurua ikuskatzen ari zen dron batek topatu du horien txalupa.
'Sfinge' ontziak, berriz, 273 etorkin erreskatatu ditu; Eritreatik zetozela esan dute.
Erreskatatutako etorkin horiek guztiak 'San Giusto' itsasontzira eraman dituzte, medikuek eta gobernuz kanpoko erakundeek artatu eta identifika ditzaten.
Italiako Barne Ministerioak ez du oraindik jakinarazi nora eramango dituzten, Lampedusara edo Siziliako beste herri batera.
Mare Nostrum operazioa hasi zenetik, guztira 10.134 etorkin erreskatatu dituzte, 713 emakume eta 1.019 adingabe tartean.