Mundua -

Gatazka Krimean

Errusia 'Ukrainaren subiranotasuna' urratzen ari dela salatu du NATOk

Gertakariek "inplikazio larriak" dituztela ohartarazi du Ipar Atlantikoko Kontseiluak. Kerryren hitzetan, "Errusia Ukrainan esku hartzeko aitzakia bilatzen ari da".

Anders Fogh Rasmussen NATOko idazkari nagusia. Argazkia: EFE
Anders Fogh Rasmussen NATOko idazkari nagusia. Argazkia: EFE
Anders Fogh Rasmussen NATOko idazkari nagusia. Argazkia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Errusia "Ukrainaren lurraldetasuna eta subiranotasuna" urratzen ari dela adierazi du Ipar Atlantikoko Kontseiluak, NATOren organo gorenak, eta gertakariek "inplikazio larriak" dituztela ohartarazi du.

"Nahiz eta nazioarteak behin eta berriro eskatu, Errusia Ukrainaren lurraldetasuna eta subiranotasuna urratzen ari da, eta baita nazioarteko konpromisoak ere", adierazi du Anders Fogh Rasmussen NATOko idazkari nagusiak Polonian egindako bilera amaitu eta gero.

Rasmussenen arabera, "gertakariek inplikazio larriak dituzte eremu euroatlantikoaren segurtasunerako eta egonkortasunerako".

Atlantikoko Itunaren IV. artikulua erabili zuen Poloniak bilera deitzeko. Ipar Atlantikoko Kontseiluaren bigarren bilera izan da azken 72 orduetan.

AEBren babesa

Errusiak Krimean egindako "eraso ekintza" gaitzetsi du John Kerry AEBko estatu-idazkariak, eta Ukrainari babesa eman dio.

"Errusiaren eraso ekintza gaitzesten dugu", esan du Kerryk Kieven. AEBko diplomaziaren buruzagiaren ahotan, "Errusia Ukrainan esku hartzeko aitzakia bilatzen ari da".

John Kerry Ukrainan Efe

John Kerry, AEBko estatu-idazkaria, Kieven. Argazkia: EFE

Bestalde, Washington Ukrainari 1.000 milioi dolarreko kreditua emateko prest dagoela iragarri du Kerryk. Barack Obama presidenteak "Ukrainari laguntza ekonomikoa emateko bide guztiak erabiltzeko" agindua eman zuela jakinarazi du Kerryk.

Vladimir Putin Errusiako presidenteak esan duenez, Ukrainako oposizioak "Konstituzioaren kontrako estatu-kolpea egin zuen" boterea bereganatzeko, altxamendu armatu baten bidez.

Misil baten jaurtiketa

RS-12M Topol nazioarteko misil balistiko bat jaurti du azken orduotan Errusiak. Probazko jaurtiketa izan da eta Kapustin Jarreko base militarretik egin dute, Astrakhan eskualdetik, Errusiako agintariek albiste-agentzia lokalei jakitera eman dietenez.

Jaurtiketarekin kezkaturik ez daudela azaldu dute AEBk; izan ere, Krimeako krisia hasi baino lehen eman zion jaurtiketa hori egiteko asmoaren berri Errusiak, AEBko funtzionario batek adierazi duenez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Egungo berriak Krimea anexionatzea Ameriketako Estatu Batuak albisteak Errusia albisteak Vladímir Putin albisteak NATO argazkiak Gaurko titularrak Gaurko azken orduko albistea Errusia-Ukraina gerra gaur