Mundua -
Krisia Krimean
Krimeak Sebastopolen gaineko erreferendum bat iragarri du
Martxoaren 30erako iragarri dute, baina baliteke eguna aurreratzea.
Erredakzioa
Serguei Axionov Krimeako lehen ministroak Sebastopol hiri krimearraren estatutua erabakitzeko erreferendum bat deituko duela, martxoaren 30erako, iragarri du. Errusiak Itsas Beltzean duen ontzidia hiri horretan dago.
Prentsaurreko batean adierazi duenez, baliteke Krimeak Ukrainarengandik duen autonomia handitzeko galdeketa aurreratzea.
Itzultzeko agindua
Vladimir Putin Errusiako presidenteak itzultzeko agindu die Ukrainako mugan zeuden soldaduei, Dimitri Peskov bozeramaileak iragarri duenez.
Agindu horrekin, agintariak amaiera eman die otsailaren 26an herrialdeko erdialdean eta mendebaldean abiatutako "ariketa militarrei".
Ustezko ariketa horiek Krimea eskualdeko (Ukraina) krisiarekin bat etorri dira, eta, horrenbestez, Errusia herrialde horretan inbasio masiboa egiteko prestatzen ari zela interpretatu dute nazioartean.
Hori dela eta, tropak kentzea gatazka baretzen saiatzeko keinua izan liteke. Nolanahi ere, Errusiako soldaduak Krimean daude oraindik.
Ukrainako krisiaren testuingurua
Azken egunetan, Moskuk kezka agertu du, Viktor Janukovitx Ukrainako presidente ohiaren aurkako protestetan parte hartu duten muturreko taldeek Errusiaren alde dauden eskualdeen kontra egin dezaketelakoan. Izan ere, eskualde horiek muzin egin diete agintari berriei.
Janukovitx agintetik kendu eta gero, Parlamentuak onartutako lehen neurrietako bat hizkuntza gutxituak (errusiera, besteak beste) babesten dituen legea bertan behera uztea izan da.
Asteazkenean, Putinek Errusiako mendebaldea eta erdigunea alerta egoeran jarri zituen, "borrokarako prest" ote zeuden egiaztatzeko.