Mundua -

Krisia Krimean

Ukrainako mugan zeuden tropei itzultzeko agindu die Putinek

Errusiako presidenteak amaiera eman die otsailaren 26an herrialdeko erdialdean eta mendebaldean abiatutako "ariketa militarrei".

Errusiako soldaduak Krimean (Ukraina). EFE
Errusiako soldaduak Krimean (Ukraina). EFE
Errusiako soldaduak Krimean (Ukraina). EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Vladimir Putin Errusiako presidenteak itzultzeko agindu die Ukrainako mugan zeuden soldaduei, Dimitri Peskov bozeramaileak iragarri duenez.

Agindu horrekin, agintariak amaiera eman die otsailaren 26an herrialdeko erdialdean eta mendebaldean abiatutako "ariketa militarrei".

Ustezko ariketa horiek Krimea eskualdeko (Ukraina) krisiarekin bat etorri dira, eta, horrenbestez, Errusia herrialde horretan inbasio masiboa egiteko prestatzen ari zela interpretatu dute nazioartean.

Hori dela eta, tropak kentzea gatazka baretzen saiatzeko keinua izan liteke. Nolanahi ere, Errusiako soldaduak Krimean daude oraindik.

Ukrainako krisiaren testuingurua

Azken egunetan, Moskuk kezka agertu du, Viktor Janukovitx Ukrainako presidente ohiaren aurkako protestetan parte hartu duten muturreko taldeek Errusiaren alde dauden eskualdeen kontra egin dezaketelakoan. Izan ere, eskualde horiek muzin egin diete agintari berriei.

Janukovitx agintetik kendu eta gero, Parlamentuak onartutako lehen neurrietako bat hizkuntza gutxituak (errusiera, besteak beste) babesten dituen legea bertan behera uztea izan da.

Asteazkenean, Putinek Errusiako mendebaldea eta erdigunea alerta egoeran jarri zituen, "borrokarako prest" ote zeuden egiaztatzeko.

Dena dela, Sergei Xoigu Defentsa ministroak ukatu egin zuen maniobra horiek Ukrainako krisiarekin zerikusirik izatea.

Guztira, 150.000 soldaduk, 80 gerraontzik eta 90 hegazkinek hartu dute parte ariketa horietan. 1991. urtean Sobietar Batasuna desagertu zenetik egindako handienak izan dira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Zer gertatu da munduan gaur? Krimea Ukraina Errusia argazkiak Albisteak Gaur Gaurko azken ordukoa Errusia-Ukraina gerra Vladímir Putin albisteak