Mundua -
Krisia Ukrainan
Errusiak onartu egin du Janukovitxi asiloa ematea
Kargugabetu berri duten presidenteak mezua igorri dio "Ukrainako herriari", eta herrialdearen estatuburu legitimoa bera dela azpimarratu du.
Erredakzioa
Viktor Janukovitx Ukrainako presidente kargugabetu berriak esan du herrialdearen estatuburu legitimo bakarra bera dela, eta bere segurtasuna bermatzeko eskatu dio Errusiari, eta horrek onartu egin du.
Interfax albiste-agentziak zabaldu du Janukovitxek "Ukrainako herriari" igorritako mezua.
"Ni, Viktor Fiodorovitx Janukovitx, Ukrainako herriari zuzentzen natzaio. Lehen bezala, Ukrainako estatuburu legitimo naizela pentsatzen dut, herritar ukrainarrek askatasun osoz aukeratu baininduten", adierazi du testuan.
"Mehatxuak jasotzen ari gara ni eta nire familia. Muturreko ekintzen aurrean nire segurtasuna bermatzeko eskatzen diet Errusiako Federazioko agintariei", gaineratu du.
Kieven ezarri dituzten agintari berrien harira, Janukovitxek esan du Ukrainako "Parlamentuan gertatzen den guztiak" ez duela "zilegitasunik".
Horren harira, Parlamentuan hartzen ari diren erabaki askotan Eskualdeen Alderdiak (Janukovitxen alderdia) eta beste batzuek, mehatxuen eta indarkeriaren ondorioz, ez dutela parte hartu gaineratu du.
"Agerikoa da Ukrainako hego-ekialdeko herritarrek eta Krimeak ez dutela botere gabezia eta herrialdean gertatzen ari dena onartzen, ministerioetako agintariak plazan bildutako jendetzak aukeratu baititu", gaineratu du Janukovitxek.
Errusiak onartu egin du eskaera
Errusiako Gobernuko iturriek jakitera eman dutenez, Moskuk onartu egin du presidente ohi ukrainarraren eskaria, eta haren segurtasuna bermatuko du, baina Errusiako eremuan soilik.
"Janukovitx Errusiako agintarioi zuzendu zaigu bere segurtasun pertsonala bermatzea eskatzeko, eta Errusiako eremuan eskaria onartzen dugula jakinarazi behar dugu", adierazi dute bertako agentziek Gobernuko iturriak aipatuta.
Poliziak ez daki non dagoen Ukrainako presidente ohia, hiru hilabeteren ostean boterea kendu ziotenetik.
NATOk ekintza militarrik ez egiteko eskatu dio Errusiari
Anders Fogh Rasmussen NATOren idazkari nagusia Krimeako egoerarekin kezkatuta agertu da, eta mugimendu militarrik ez egiteko eskatu dio Errusiari, tentsioa areagotu ez dadin.