Mundua -
Siria
Siriako Gobernuak eta oposizioak elkarrizketekin jarraituko dute
Lehen bilerak emaitza argirik gabe amaitu diren arren, bi aldeek datozen egunetan biltzeko konpromisoa hartu dute.
Erredakzioa
Siriako Gobernuaren eta oposizioko ordezkarien arteko lehen bilerak emaitza argirik gabe amaitu dira. Aste honetan konfiantza eza eta kexak nagusi izan diren arren, bi aldeek datozen egunetan biltzeko konpromisoa hartu dute.
"Ez dugu inondik ere mahaia utzi. Han izango gara Siriako krisiari konponbide bat eman bitartean", adierazi du Faisal Makdad Siriako Atzerri Gaietarako ministrordeak.
"Ez dugu Genevako prozesua utzi", esan du Louay Safi oposizioko taldeen ordezkariak.
Lajdar Brahimi ari da bitartekari lanak egiten, eta ez du uste ostirala bitartean ezer berririk gertatuko denik. Ostiralean amaituko da Gobernuko kideen eta oposizioko kideen lehen bilera sorta. Egun hauetan, jorratu beharreko gaien ordena izan dute eztabaidagai nagusi.
Gobernuak jorratu nahi duen lehen gaia indarkeriaren amaiera da. Horren aburuz, oposizioan dauden talde armatuak dira indarkeriaren arduradunak, eta terroristatzat jotzen ditu. Oposizioak, berriz, Gobernuak herritarren eta matxinatuen aurka egindako ekintzekin lotzen du indarkeria.