Mundua -
Aurreneko bilera-sorta
Siriako aldeen arteko negoziazioa astebete baino gehiago luzatuko da
Datorren asteko amaieran, Siriako oposizioaren eta Gobernuaren arteko elkarrizketak bertan behera geratuko dira zenbait egunetan, baina berriz hasiko dituzte.
Erredakzioa
Siriako Gobernuko eta oposizioko ordezkaritzen arteko aurreneko bake negoziaketak astebete baino gehiago luzatuko dira, Lajdar Brahimi nazioarteko bitartekariak gaur azaldu duenez.
Datorren asteko amaieran, oposizioaren eta Gobernuaren arteko elkarrizketak segur aski bertan behera geratuko dira zenbait egunetan, baina berriz hasiko dituzte.
"Bihar bilduko gara eta datorren astea amaitu arte jarraituko dugu. Uneren baten, segur aski, egun gutxi batzuk negoziaketak bertan behera geratuko dira, baina gero berriz hasiko dira elkarrizketak", adierazi du Brahimik Genevan.
Siriako Gobernua eta oposizioa "areto berdinean" bilduko dira larunbat honetan. Brahimik azaldu duenez, "bi aldeekin izandako eztabaidak pozgarriak izan dira". "Bihar areto berdinean biltzea adostu dugu", iragarri du. Igandean ere bilera egin behar dutela aurreratu du nazioarteko bitartekariak.
'Geneva 1', negoziaketaren oinarria
Era berean, negoziazioaren oinarria 2012ko ekainean sinatutako 'Geneva 1' adierazpena dela "ulertzen eta onartzen" dute bi aldeek, baina Gobernuak eta oposizioak zenbait puntutan "desadostasunak" dituztela onartu du Brahimik.
Bitartekariak ez du atzoko eta gaurko eztabaiden edukia azaldu, ezta biharko gai-zerrenda ere. Hala ere, gatazkaren "ardatzak" eztabaidatu ez dituztela esan du.