Mundua -
Iruzkina
Geneva 2: Diplomaziaren apustua gerra erdian
Bake konferentziaren helburua borrokan dauden bi aldeak mahai baten inguruan eseraraztea da.
Ana Aizpiri | Geneva (Suitza)
Siriako gerra gelditze aldera orain arte egin den ahalegin diplomatiko handiena da Geneva 2 konferentzia. Arabiar udaberriaren magalean hasi zen Siriako matxinada baketsua, hilabeteak joan ahala, biolentziak irentsi zuen, eta hasieran idealen usainak edertzen zuen erronka hura gerra higuingarri bihurtu zen.
Gaur egun, ezerk ez du balio gehiago Siriako bazterretan indar antzuak baino. Duela gutxi BBC Arabiarrean Lina Sanjab kazetariak idatzi duen bezala, "askatasunaren aldeko borroka bizirauteko borroka bilakatu da".
Geneva 2 konferentziaren helburua borrokan dauden bi aldeak mahai baten inguruan eseraraztea da, konponbide politikoa adosteko. Baina, gai izango al da diplomazia Siriako gudu-zelaietan nagusi direnak mendean hartzeko?
Borrokalariak asko eta askotarikoak dira. Hori bera sekulako oztopoa da. Gerra hasieran, 2011ko udaran, Siriako Armada Libreak bakarrik egiten zien aurre Baxar al-Asad presidentearen tropei. Gaur egun, berriz, dozenaka talde dabiltza Siriako lursailak eta hiriak menperatzeko lehian. Indar militar handiena dutenak, Irakeko eta Ekialdeko Estatu Islamikoa (ISIS) eta Garaileen Frontea (Jabhat al-Nusra), Al-Qaida sare terroristarekin lotuta daude, kontrolatzen dituzten hirietan xaria edo lege islamikoa ezartzen dute, era zorrotzenean, eta horiek ez dute ezertxo ere jakin nahi negoziatzeaz.
Horien artean, gainera, asko dira atzerritik joandako jihadistak (herrialde arabiarretatik joandakoak bereziki, baina baita Kaukasotik eta mendebaldetik joandakoak ere), eta, paradoxa badirudi ere, oposizioa militarizatu aurretik Baxar al-Asadek babesten duen tesiari egiten dio horrek mesede, Siria txikitzeko eta bera agintetik kentzeko atzerriko konspirazioa bat dagoela esaten baitu.
Oposizioak goitik behera ukatu du hori, eta ez da harritzekoa. Erregimenaren aurkakoek estoizismo handiz egin diote aurre Siriako Gobernuari hasiera-hasieratik. Al-Asadek, berriz, estrategia gaiztoa erabili du lehenengo unetik, politika aldarrikatu baina gerra egin baitu.
Siriako presidenteak gerra egiteko lagunak ditu (Hezbollah Libanoko erakunde xiitako batailoiak eta Irango Errepublikako Zaindariak talde militarrekoak), arma asko Errusiatik datozkio eta aurkarien esku dauden hiriak (Alepo eta Homs, esaterako) setiatu egiten ditu, giza laguntzari ateak ixteko.
Al-Asaden aurkarien barrenak ez dira xamurragoak. Jihadistak suniak dira, eta horiek mendean dituzten hirietan, muturreneko xaria edo kode islamikoa ezartzen dute. Ahal duten bakoitzean, xiiten kideak diren alauiak batere errukirik gabe hartzen dituzte, eta baita familia osoak garbitu ere. Al-Asad presidentea alauia da, Islameko gutxienen adar horretakoa.
Al-Asadek hegazkinez bonbardatzen ditu matxinoek menderatzen dituzten guneak, eta lehergaiz betetako upelak botatzen dizkiete gainera. Udaran, Damasko ekialdean, Ghutan, arma kimikoak erabili zituzten. Gas toxikoa jaurti zutenek hori ekoizteko egitura industrial handia izan behar zuten atzetik, nahitaez, erasoetan erabilitako gas-kopurua eta horren ezaugarriak aztertuta Nazio Batuen Erakundeko adituek ondorioztatu zutenez. Zantzu guztien arabera, Erregimena zegoen eraso horien atzean.
Nazioarteak XX. mende amaieran debekatu zituen arma kimikoak erabili zirela baieztatu ondoren, Barack Obamak Al-Asaden kontrako eraso militarra egiteko mehatxua egin zuen. Erresuma Batuko Komunen Ganberak, baina, uko egin zion erasotzeari, eta estatubatuarrak ere ez ziren erasoaren alde agertu.
Gutxien uste izango zuenak askatu zion korapiloa Obamari: Errusiako Sergei Lavrov Atzerri ministroak, Kerry bere homologo amerikarraren etorraldi xelebre bat aprobetxatuz, ekimen diplomatiko osoa aurkeztu zuen, Baxar al-Asaden hitza hartuz, armategi kimikoa deuseztatzeko. Al-Asadek onartu egin zuen. Orduantxe hartu zuen Obamak arnasa. Eta Lavrovek eta Kerryk, Siriako gatazkaren inguruko ikuspegi kontrajarriak eduki arren (Washingtonek oposizioa babesten du, eta Errusia Siriako Erregimenaren aliatua da), bat egin zuten, gerra horri irtenbide diplomatikoa emango dion konferentzia antolatzeko.
Honelaxe heldu gara Geneva 2ra. Konferentziara bilduko den askotxok gerran parte hartzen du, baina gerran nola edo hala esku hartzen duten guztiak ez dira egongo ez Montreuxen ez Genevan.
Eta denak ez dira espiritu berarekin joango Leman aintzira ondoko hirira. Oposizioa behartuta joango da, bertara joan ezean laguntza kentzeko mehatxua egin ziotelako Ameriketako Estatu Batuek eta Britainia Handiak; AEBek Ekialde Hurbilean Errusiak borrokatzen dien eragina berreskuratu nahiko dute; Walid El Moallem Siriako Atzerri ministroak jihadisten terrorismoaren kontrako bandera altxatuko du; eta Ban Ki-moon Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiak konferentziak jarraipena izatea bilatuko du, eta, bide batez, Iran gonbidatu izanak emango zion ahosabaiko mingotsa kendu nahiko du. Iranek ez du ordezkaritzarik izango, baina askoren ahotan izango da; izan ere, horri egindako gonbidapena bertan behera utzi dute azkenean. Hori, Lavrov errusiarraren esanetan, "hankasartzea da, baina ez hondamendia". Diplomazia kontuak.