Mundua -

Geneva 2 Bake-konferentzia

Siriako Gobernuaren eta oposizioaren jarrerak oso urrun daude

Ostiralean zuzeneko elkarrizketak hasteko konpromisoa hartu dute bi aldeek Montreuxen (Suitza) egindako bake konferentzian.

Bake konferentzia
Bake konferentzia
Tentsioa eta hitz gogorrak nagusi, Genevako bake konferentzian

1:19

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

2011n gatazka hasi zenetik, Siriako Gobernua eta oposizioa lehen aldiz bildu dira mahai baten inguruan. Suitzan izan da, eta aldeak borroka frontean bezala muturtuta agertu dira. Jarrerak oso urrun daude, kontrakoak dira. Hala ere, ostiralean elkarrizketa zuzenak hasteko konpromisoa hartu dute aldeek Montreuxen egindako bake konferentzian.

Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroak Walid al Mualem Siriako homologoarekin eta Ahmed Yarba oposizioko buruzagiarekin hitz egin du. Oposizioari eta babesa eman dioten herrialdeei Damaskoko Gobernuan aldaketa bat eskatzera ez mugatzeko eskatu die Lavrovek.

Bake negoziaketan berehala aurrerapauso bat ematerik ez dagoela ohartarazi du Ban Ki-moon NBEko idazkari nagusiak. "Aurrerapauso bat berehala ematea ez dugu espero", esan du. Armekin borrokan ari diren aldeek "bakearen bidea aurkitu" behar dute, Banen hitzetan.

Siriako gatazkaren konponbidean laguntzeko bide "anitzak" aprobetxatzeko eta "probetxugarri" izateko eskatu die John Kerry AEBetako Estatu idazkariak Irango agintariei, nahiz eta goi-bilerara ez gonbidatu.

Ban Ki-moon Nazio Batuen Erakundeko (NBE) idazkari nagusiak hasiera eman dio gaur goizean Siriako gerra geldiarazteko bake konferentziari (Geneva 2 izenekoa), Montreux (Suitza) herrian.

Besteak beste, 39 herrialdetako ordezkariak (tartean Errusia eta AEB), Sirako Erregimena eta oposizioaren indar nagusia, Siriako Koalizio Nazionala, bertan izan dira, konponbide bila.

Siriako Gobernuak terrorismoaren amaiera eskatu du

Gatazkaren konponbide politikoa negoziatzeko prest azaldu da Bashar Jaafari Siriako Gobernuaren ordezkaria, baina lehenago "indarkeriaren eta terrorismoaren amaiera" baieztatzea beharrezkoa dela ohartarazi du.

Konferentziako lehen hitzaldietan, Walid Muallem Siriako Atzerri ministroak "terrorismoa hedatzea" egotzi die oposizioko taldeak finantzatu dituzten herrialdeei.

Ginebra conferencia de paz efe

Bake konferentziako gosaria. Argazkia: EFE

"Siriarren arteko elkarrizketa da gatazkaren konponbidea, baina atzerriko herrialdeek talde terroristak finantzatzen badituzte, honek ez du arrakastarik izango", ohartarazi du.

Muallem oposizioaren ordezkaritzari (CNFROS Siriako Koalizio Nazionala) zuzendu zaio, eta oposizio osoa ordezkatzen ez duela gogorarazi dio.

Oposizioak Al Asad agintetik kentzea eskatu du

Bestalde, Ahmed Jarba oposizioko buruak Bachar al Asad agintetik kentzea ekarriko lukeen "benetako trantsizio" batekin konpromisoa agertzea eskatu dio Gobernuari.

Jarbak argi utzi du ez duela eztabaidatuko Al Asadek agintean jarraitzea.

Halaber, Siriako presidenteak gerra krimenak egin dituela salatu du, eta atzo ezagutu ziren 11.000 exekuzioak  "naziek egindakoen tankerakoak" direla nabarmendu du.

Kerryk baztertu egin du Bachar Al Asad Siriako presidenteak balizko trantsizio Gobernu batean parte hartzea. Kerryk "krimen txarrenak" egin izana leporatu dio Al Asaden Erregimenari.

Ginebra 2 conferencia efe

Bake konferentziako gosaria. Argazkia: EFE

Seguei Lavrov Errusiako Atzerri ministroaren esanetan, "negoziazioak ez dira errazak ezta azkarrak izango", baina bakea lortzeko "benetako aukera bat" dagoela uste du.

Hori horrela, elkarrekin lan egiteko deia egin die Erregimenari eta oposizioari, egoera humanitarioa arintzeko eta aldeen arteko konfiantza indartzeko, negoziazioek aurrera egin dezaten.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko azken orduko albisteak Gerra Sirian albisteak NBE argazkiak Albisteak Gaur Gaurko azken orduko albistea Zer ari da gertatzen Sirian? Suitza