Mundua -
Ikerketa
Sarraskiak Sirian: Erregimenak 11.000 atxilotu exekutatu ditu
Baxar al Asaden Gobernuak "sarraskiak eskala industrialean" egiten dituela salatu dute nazioarteko hiru fiskalek.
Erredakzioa
Nazioarteko hiru fiskalek agerian utzi dute Siriako Erregimenak 11.000 atxilotu torturatu eta exekutatu dituela 2011. urtean gatazka hasi zenetik, The Guardian egunkari britainiarrak jakinarazi duenez.
34 orriko txosten batean, Erregimenak egindako milaka argazki aztertu dituzte. Hauek dira txostenaren egileak: Desmond de Silva Sierra Leonarako auzitegi bereziko fiskal ohia; Geoffrey Nice, Slobodan Milosevic Jugoslaviako presidente ohiaren aurkako auziko fiskala; eta David Crane, Charles Taylor Liberiako presidente ohiaren aurkako auziko fiskala.
Txostenaren arabera, biktima gehienak gizon gazteak ziren, eta gorpu askok tortura zantzuak zituzten.
Ikerketa Qatarrek agindu zuen, eta Siriako Polizia Militarraren argazkilari batek ('Cesar' ezizenarekin ezaguna) desertatu baino lehen egindako 55.000 argazki aztertuta egin dute. Hain zuzen ere, exekutatutako 11.000 atxiloturen gorpuei egin zizkien argazkiak. Cesarrek azaldu duenez, bere lana "exekutatutako atxilotuei" argazkiak egitea zen, exekuzioen lekuko izan ez bazen ere. Horren esanetan, "atxilotuak atzematen zituzten lekuetan bertan exekutatzen zituzten, eta ondoren gorpua ospitale militar batera eramaten zuten. Baliteke egunean 50 gorpuri egin izana argazkiak".
The Guardian egunkariaren esanetan, txosten hau Siriako gatazkako giza eskubideen urraketen inguruko zehatzena eta luzeena da. Egileek NBEri, gobernuei eta erakunde humanitarioei igorriko diete orain.
Desmond De Silvak The Guardian egunkarian adierazi duenez, Siriako erregimenak "sarraskiak eskala industrialean" egiten dituela frogatzen du ikerketak.
Froga hauek baliatuta, epaileek prozedura bat ireki dezakete orain Siriako agintarien aurka, tortura eta hilketa sistematikoak egitea egotzita.