Mundua -

Genevako bake konferentzia

NBEk baztertu egin du Iran Genevako bake konferentziara gonbidatzea

Hori horrela, Siriako oposizio moderatuak konferentzian parte hartzea erabaki du.

Mohamed Yavad Zarif Irango Atzerri ministroa, Bachar al Asad Siriako presidentea babesten. EFE
Mohamed Yavad Zarif Irango Atzerri ministroa, Bachar al Asad Siriako presidentea babesten. EFE
Mohamed Yavad Zarif Irango Atzerri ministroa, Bachar al Asad Siriako presidentea babesten. EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Siriako Koalizio Nazionalak (CNFROS), oposizio moderatuaren indar nagusiak, Genevako bake konferentzian parte hartzea erabaki du azkenean, Nazio Batuen Erakundeak (NBE) Iran gonbidatzea baztertu eta gero.

Agiri batean, CNFROSek "ongietorria" eman dio Ban Ki-moon NBEko idazkari nagusiaren erabakiari, Iranek "ez baititu betetzen" bake konferentzian parte hartzeko "baldintzak".

NBEk gonbidapena eman zion Irani, Siriako Erregimenaren aliatu nagusiari, baina oposizioa aurka agertu zen, eta Ban Ki-moonek atzera egin ezean konferentziari muzin egingo ziola ohartarazi zuen.

Teheranek parte hartu ahal izateko, oposizioak hainbat baldintza jarri zituen, hala nola Iranek tropa eta milizia guztiak Siriatik erretiratzea eta 2012an Genevan egindako lehen bake konferentzian adostutako adierazpena babestea (behin-behineko Gobernu bat osatzea aldarrikatzen zuen). Gainera, atzoko 20:00ak arteko epea jarri zuen erantzuna jasotzeko. Azkenean, Iranek errefusatu egin zituen baldintzak.

CNFROSen esanetan, "Estatuaren erakunde guztietan (Armada, Segurtasun Indarrak eta inteligentzia zerbitzuak barne) agintea izango lukeen behin-behineko Gobernu bat osatzea" lortu nahi dute konferentzian, "trantsizio politikoa" abiatzeko.

Oposizio armatuaren jarrera

Oposizio armatuari dagokionez, Selim Idris Siriako Armada Askeko (ELS) buruak babestu egin du bake konferentzia, baina Fronte Islamiarrak muzin egin dio, hainbat baldintza bete arte.

Besteak beste, presoak askatzea, matxinoek kontrolatutako guneei ezarritako blokeoa kentzea, bonbardaketak amaitzea, Erregimenak alde egitea, milizia atzerritarrak herrialdetik joatea eta nazioarteak ez esku hartzea dira baldintzok.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Zer gertatzen da munduan? Gerra Siria NBE albisteak Prentsa digitalaren azken orduko Eguneko albisteak Siria