Mundua -
Siriako gatazka
Siriako krimenetan Gobernuko goi karguen ardura iradoki du NBEk
Giza Eskubideen Siriako Behatokiak jakitera eman dituen azken datuen arabera, 125.835 pertsona hil dira Siriako gatazka hasi zenetik.
Erredakzioa
Navi Pillay Giza Eskubideen aldeko Nazio Batuen goi-komisarioak baieztatu duenez, Siriako Gobernuko goi karguek herrialde horretako gatazkan jazotako krimen larrietan izandako ardura erakusten duten “ebidentziak” daude.
Pillayk itxitako gutun-azal bat du, eta bertan, gerrako krimenen eta gizateriaren aurkako krimenen arduradunen izenak agertzen dira. Zerrenda hori Giza Eskubideen bortxaketa ikertzen duen batzordeak osatu du, Nazio Batuek eskatuta. Siriako gatazka 2011ko martxoan hasi zen.
Prentsaurreko batean goi-komisarioari zerrendaren inguruan galdegin diote. Pillayk zerrenda horretan jasotzen dena ez duela ezagutzen adierazi du, eta “Gobernuko goi karguen ardurak erakusten duten ebidentziak agertzen” direla gaineratu du.
“Konfidentzialtasun irizpideak kontuan izanik eman zidaten zerrenda hori. Ikerketa batean erabili bitartean itxita jarraituko du gutun-azalak”, gaineratu du.
Zerrenda horretan jasota dauden izenak isilpean edukitzeko arrazoi nagusia, ustezko errugabetasuna mantentzea dela gaineratu du Pillayk.
126.000 hildako
Bestalde, Giza Eskubideen Siriako Behatokiak jakitera eman dituen azken datuen arabera, 125.835 pertsona hil dira Siriako gatazka hasi zenetik. Dokumentatutako datuak kontuan izanik eman du zifra ezagutzera Behatokiak. Benetako zifra, ordea, handiagoa dela uste du erakundeak.
Londresen du egoitza Behatokiak, baina Arabiako herrialdean sare zabala du informazioa lortu ahal izateko. Adierazi duenez, hildakoen artean hirutik bat, 6.627, adin txikikoak dira.
Datuen arabera, hildako milizianoak 27.746 dira, eta horien artean atzerriko edo identifikatu gabeko 6.000 lagun leudeke. Bashar al Assad presidentearen aldeko 50.430 soldadu edo paramilitar ere hil dira gatazkan.