Mundua -
Siariako gatazka
Arma kimikoak nazioartearen eskuetan jarriko dituela esan du Asadek
Asadek telebista kate errusiar batean esan duenez, "Errusiagatik" egingo du "eta ez AEBetako mehatxuengatik".
Erredakzioa
Baxar al Asad Siriako presidenteak iragarri duenez, Siriak nazioartearen eskuetan jarriko ditu arma kimikoak. Rossia 24 Errusiako telebista katean egindako elkarrizketa batean eman du erabakiaren berri.
Telebista horren arabera, Siriak "Errusiagatik" egingo du "eta ez AEBetako mehatxuengatik" jarriko ditu nazioartearen kontrolpean.
"AEBen mehatxuek ez dute arma kimikoak nazioartearen esku jartzearen erabakian eragin", esan du buruzagi siriarrak. Asadek ziurtatu egin du Damascok "Errusiagatik" jarriko dituela armak nazioartearen eskuetan.
Halaber, Asaden arabera, Damaskok NBEra igorriko dio arma kimikoen inguruko akordio bat egiteko behar den dokumentazioa. NBEk, bestalde, ostegun honetan bertan Arma Kimikak Debekatzeko Nazioarteko Itunarekin bat egiteko Siriak igorritako dokumentuak jaso dituela iragarri du.
Errusiak astelehenean proposatu zuen arma kimikoak nazioartearen esku jartzea, geroago suntsitu ahal izateko; Arma Kimikoak Debekatzeko Nazioarteko Ituna sinatzeko ere eskatu zuen Errusiak.
Vladimir Putin Errusiako presidenteak ohartarazi duenez, proposamen errusiarrak soilik balioko du AEBek eta haren lagunek Damasko ez erasotzea onartzen badute
"Zaila da herrialde bat armak uztera behartzea, Siria edo besteren bat, haren kontra eraso bat prestatzen ari den bitartean", gaineratu du.