Mundua -
Gatazka Sirian
Errusiaren eskaera NBEn aztertuko dute Obamak, Hollandek eta Cameronek
Siriak arma kimikoak entregatu ditzan ebazpena aurkeztuko dute NBEren Segurtasun Kontseiluan AEBek, Frantziak eta Erresuma Batuak.
Erredakzioa
Siriako arma kimikoak nazioarteko ordezkarien esku gera daitezen Errusiak egindako proposamena aztertuko dute astearte honetan Erresuma Batuak, AEBek eta Frantziak, David Cameron Britainia Handiko lehen ministroak.
"Proposamen serioa baldin bada, horren araberako erantzuna eman behar zaio, eta Segurtasun Kontseiluaren ebazpena ideia ona izan liteke'', esan du. Cameronen ustez, Errusiaren proposamena zintzoa den egiaztatu behar dute, eta armak entregatzeko gehienezko epea ere ezarri behar dute.
Barack Obama AEBetako presidenteak telefonoz hitz egin du Cameronekin eta Hollanderekin, eta Errusiak atzo plazaratutako proposamena NBEn aztertzea erabaki dute.
''Elkarrekin kooperatzeko eta arma kimikoak segurtasunez suntsi ditzaten bermatzeko neurriaren bideragarritasuna aztertzea erabaki dute'', jakinarazi du Etxe Zuriko bozeramaile batek. ''Errusiarekin eta Txinarekin harremanetan'' egingo direla ere aurreratu dute.
Txinak babesa agertu dio planari
Txinak babesa agertu dio Errusiak aurkeztutako proposamenari, hau da, eta horrekin bat egitea eskatu dio nazioarteari.
"Txinak ongietorria eman nahi dio Errusiaren proposamenari. Ekimen horren ondorioz, tentsioak leundu egingo dira; gatazkari irtenbide politikoa emateko eta Siriako egonkortasuna bermatzeko lagungarria izango da", adierazi du Hong Lei Txinako Atzerri ministroak, prentsaurrekoan.
Siriako oposizioak sei ordezkari bidali ditu gaur Txinara, hitz egiteko.
AEBetako Senatuak atzeratu egin du bozketa
Bestalde, AEBetako Senatuak atzeratu egin du Siriari erasotzeko proposamenari buruzko bozketa, Harry Reid Alderdi Demokratak Alderdi Demokratak Ganbera horretan duen buruak iragarri duenez.
Senatuak asteazkenean bozkatuko zuen, aldez aurretik Atzerri Batzordean onartutako proposamena. Hain zuzen ere, 90 egunez Siriari erasotzeko plana onartu zuten.
Atzo arratsaldean, Barack Obamak aitortu egin zuen erasoa geldiarazi egingo lukeela, Bashar Al Asadek arma kimikoak entregatuko balitu.