Mundua -

Erasoa ekiditeko

Arma kimikoen kontrola baimendu dezan eskatu dio Errusiak Siriari

John Kerryk iragarri duenez, AEBek ez dute Siriaren kontrako erasorik egingo Damaskok bere arma kimiko guztiak entregatzen baditu. Siriak begi onez ikusi du Errusiaren proposamena.

Serguei Lavrov Errusiako Atzerri ministroa.EFE
Serguei Lavrov Errusiako Atzerri ministroa.
Bere tropek ez dituztela gas pozoitsuak jaurti esan du Al-Assadek

1:05

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nazioarteko herrialdeekin kooperatu eta arma kimikoen kontrola eta deuseztapena baimendu dezan eskatu dio Siriako erregimenari Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroak.

"Erregimenaren arma kimikoak kontrolpean jartzeak Siriako erasoa ekidingo badu, Errusiak berehala egingo du bat Damaskori elkarlanean aritzea eta armak suntsitzea eskatzeko prozesu horrekin'', esan du ministroak.

John Kerry AEBetako estatu idazkariak egindako eskaintza dela-eta egin du adierazpena Errusiak. Izan ere, AEBek ez dute Siriaren kontrako erasorik egingo Damaskok bere arma kimiko guztiak entregatzen baditu, Kerryk aurreratu duenez.

Horren aurrean, ''arma kimikoen gordelekuak nazioarteko ordezkarien kontrolpean uztera, arma horiek suntsitzera eta Arma Kimikoen Debekurako erakundearekin bat egitera'' deitu du Errusiak Siria.

Ministroak azaldu duenez, Siriako gatazkari oraindik ''irtenbide politikoa'' emateko aukera dagoela uste dute Moskuk eta Damaskok.

Siriak begi onez ikusi du proposamena

Walid Muallen Siriako Atzerri ministroak, bestalde, begi onez ikusi du proposamena. ''Siriako Errepublikak begi onez hartu du Errusiaren ekimena'', adierazi du.

Errusiaren proposamena aztertuko dute AEBek, baina '' eszeptismoz''

Errusiak aurkeztutako proposamena aztertuko duela iragarri du AEBetako Gobernuak, baina Siriak erregimenak hori beteko duen zalantzak dituzte.

Hillary Clinton AEBetako estatu idazkari ohiak esan du Siriako erregimenak armak entregatzea ''aurrerapauso garrantzitsua'' litzatekeela.

Bitartean, Barack Obama elkarrizketa sorta eskaintzeari ekin dio AEBetako telebistetan, zalantzan dauden Kongresuko kideek eta estatubatuarrek erasoaren alde egin dezaten.

Frantziaren ustez proposamena ''onargarria'' izan daiteke

Laurent Fabius Frantziako Atzerri ministroak esan du Errusiak egin duen proposamenak ''aztertzea merezi'' duela, eta ''onargarria'' litzakeela, hiru baldintzapean: Lehenik eta behin, Bachar al Asadek ''berehala hartu beharko luke arma kimiko guztiak nazioarteko ordezkarien esku jartzeko konpromisoa''. Bestalde, operazioak NBEren Segurtasun Kontseiluaren ebazpen bat izan beharko luke lagun. Azkenik, ''abuztuaren 21eko sarraskiaren erantzuleak Nazioarteko Auzitegi Penalaren esku'' geratu beharko lirateke.

Alemaniak eta beste 13 herrialdek AEBen adierazpenarekin egin dute bat

14 herrialdek, tartean Alemaniak, joan den ostiralean Etxe Zuriak kaleratu zuen idatziarekin egin dute bat. Bertan, ''nazioartean erantzun sendoa'' eskatzen dute 25 herrialdek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioarteko albisteak Gerra Siria Ameriketako Estatu Batuak Errusia argazkiak Alemania bideoak Frantzia albisteak Gaurko titularrak Albisteak Siria gaur