Mundua -

Siriako gatazka

Aste erabakigarria AEBetan, Siriaren kontrako erasoa onartzeko

Errepublikanoen eta demokraten zalantzak uxatzeko eginahalak egingo ditu Obamak, hainbat telebista katetan elkarrizketak eskainiz. Al Asadek, bestalde, gas sarina erabili izana ukatu du CBS katean.

Siriari eraso egitearen beharra azpimarratuko du Obamak hainbat telebista katetan.
Barack Obama AEBetako presidentea
Obamak eraso militarrerako babes bila jarraitzen du

1:32

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gakoa izan daiteke aste hau Siriaren kontrako eraso militarra egin ala ez erabakitzeko. Barack Obama AEBetako presidentea Siriara Armada sartzearen beharraz duda-mudatan dauden errepublikanoak eta demokratak konbentzitzen saiatuko da. Hala, AEBetako telebista kate nagusienei (Fox, CNN, PBS, CBS, NBC eta ABC tartean) elkarrizketak eskainiko dizkie eta Siriari eraso egiteko argudio nagusiari helduko dio beste behin. Hau da, abuztuaren 21ean Damaskoko hainbat herritarren kontra gas sarina erabili izana zigortu beharra dagoela.

Udako atsedenaldia igarota, asteon ekingo dio lanari Kongresuak eta, hori horrela,  AEBetako Armadari Sirian eraso egiteko baimena emateko bozketa gertuago egon liteke.

Demokratak dira nagusi Senatuan eta, hala, dirudienez oztopo gutxiago ditu AEBetako presidenteak baimena lortzeko. Kongresuan, ordea, errepublikanoak dira gehiengo, eta erasoaren kontrako iritzi gehiago omen daude.

Zailtasunon aurrean, eginahalak egiten dabil Obamaren gobernua. Asteburuan asko izan dira legegile demokratekin eta errepublikanoekin izandako telefono dei eta bilera pribatuak, AEBetako Gobernuko iturriek jakinarazi dutenez.

Hori gorabehera, asko dira Siriara Armada bidaltzearen aukera argi ikusten ez duten errepublikano eta demokratak, eta azken astean Kongresuko babesa txikiagoa dela ematen du.

Al Asad, CBS telebista katean

Obama ez da "hedabideetan kanpaina" egiteari ekin dion bakarra. CBS telebista kate publikoak Bachar Al Asad Siriako presidenteari egindako elkarrizketa bat eskainiko du astelehen honetan. Telebista kateko arduradunek aurreratu dutenez, arma kimikoak erabili izana ukatu du Siriako gobernuburuak, eta AEBek erasoa eginez gero, "erantzuna" izango dela azpimarratu du.

2013ko abuztuaren 21ean Damasko inguruko herrien kontra arma kimikoen erasoan "inongo erantzukizunik" ez duela esan du Al Asadek eta AEBei egotzi dio.

"Nire herriaren aurka arma kimikoak erabili ditudala frogatzen duen ebidentziarik ez dago", esan du elkarrizketan Siriako presidenteak.

Azken bi urteotan AEBetako hedabide bati eskaintzen dion lehen elkarrizketa da honakoa.

Erasoa gauzatuta gertatuko litzatekeenaz galdetuta honakoa ihardetsi du Al Asadek: "Erantzunen bat egongo litzateke"; ez du, ordea, erantzun horren maila zehaztu.

Elkarrizketan zehar azken dei bat egin du Siriako presidenteak: "Erasoa ez baimentzeko deia egin diezaiotela estatubatuarrek Kongresuari eta Washingtongo buruzagiei".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albiste zirraragarriak Gerra Siria Ameriketako Estatu Batuak Barack Obama Albisteak Gaur Gaurko azken orduko albistea Zer ari da gertatzen Sirian?